Biko jatetxeari eta Balerdipeko Erleak proiektuari aitortza egin diete Jakitea sarietan

Ataria 2026ko uztailaren 21a

Euskara sustatzeagatik jaso du saria Tolosako jatetxeak, eta bertako ekoizle onenaren saria eman diete Mattin Jauregiri eta Inaxio Arini. Adunako Zabala sagardotegian egin dute sari banaketa ekitaldia.

Adunako Zabala sagardotegian banatu dituzte gaur VIII. Jakitea sariak. Juan Manuel Garmendia saria, produktu eta kalitate oneneko jatetxea saritzen duena, Beasaingo Urkiola erretegiak jaso du aurten. Iñigo Urkiolak jaso du saria, Jakitea elkarteko lehendakari Xabier Zabaletaren eta Beasaingo Kattalin erretegiko Arantxa Arrizabalagaren eskutik.

Bi sari gelditu dira eskualdean. Alde batetik, Jakitea elkarteak Balerdipeko Erleak proiektua saritu du bertako ekoizle onenaren aitortzarekin. Bestetik, Tolosako Plaza Berriko Biko jatetxeak jaso du euskara sustatzeko egindako lanaren aitortza.

Balerdipeko Erleakeko Mattin Jauregik jaso du saria, Lumagorriko lehendakari Joseba Altunaren eskutik. Lehen sektorearen eta bertako ekoizleen garrantzia azpimarratu du Jauregik, eta tokiko produktuak kontsumitzera deitu du: «Gero eta gutxiago gara lehen sektorean aritzen garenak, eta pena da, izugarrizko produktuak ekoizten baitira hemen bertan. Paisaia bat, jakintza bat eta kultura bat gordetzen dituzte produktu horiek. Animatu horiek kontsumitzera».

Biko jatetxeak ere bertako ekoizleen aldeko apustua egiten du eguneroko jardunean, eta hori nabarmendu dute arduradunek. «Filosofia horren barruan argi genuen euskaraz egingo genuela», adierazi dute. Aitortzagatik eskerrak eman badituzte ere, saria jasotzeak «mindu» ere egiten dituela aitortu du Kattalin Bollainek: «Euskaraz egiteagatik sari bat jaso beharrak erakusten du sektorean gure hizkuntzak duen egoera. Animatzen zaituztegu gainerakoei gure hizkuntza gehiago erabil dezazuen».

Hau da aurtengo sarien segida:

  • 0 kilometroa / Eusko Label saria: Casa Garras - Txema Llamosas (Karrantza, Bizkaia). 
  • Jatetxe onenari saria: Bordatxo jatetxea -Paulino Ibargoien (Usurbil, Gipuzkoa)
  • Bertako ekoizleari saria: Balerdipeko Erleak - Mattin Jauregi eta Inaxio Arin (Tolosaldea, Gipuzkoa)
  • Pintxo tradizional onenari saria: Donostiarra pintxoa, Artola taberna - Jose Mari Morales eta Ainhoa Bonail (Donostia, Gipuzkoa).
  • Plater tradizional onenari saria: Ttoro arrain zopa, Chez Mattin - Michel eta Celine Niquet  (Ziburu, Lapurdi)
  • Euskarara sustatzeagatik errekonozimendua: Biko taberna jatetxea - Arantxa Usabiaga eta Kattalin Bollain (Tolosa, Gipuzkoa)
  • Ibilbide osoari saria
    • Amaia Portuzar, Ganbara taberna (Donostia, Gipuzkoa).
    • Begoña eta Belen Plazaola, Arrate jatetxea (Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa).
    • Pili Bereziartu, Irubide jatetxea (Hernani, Gipuzkoa).
  • Bertakotzeagatik errekonozimendua: Juan Carlos Beltran - Xixario jatetxea (Orio, Gipuzkoa).
  • Mikel Corcuera kazetaritza gastronomikoari saria: Pepe Barrena.
  • Juan Manuel Garmendia saria, kalitate handieneko eta produktu oneneko jatetxeari: Urkiola erretegia - Iñigo Urkiola (Beasain, Gipuzkoa).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!