Adunako Irudek enpresaren I.GO erorketen aurkako gailu irristagarriak saria jaso du Alemaniako Essen hirian. Mundu mailan diseinuaren arloan ospe handia duen Red Dot Design Award sariketan, produktuen diseinuaren kategorian jaso du aitortza. Irudek enpresako iturriek adierazi dutenez berrikuntzan, diseinuan eta etengabeko hobekuntzan oinarritzen dute beren lana, eta lorpen honek euren lan-filosofiaren nazioarteko aintzatespena dakarrela.
Erorketen aurkako I.GO gailuak sokaren ustekabeko askapena saihesten du, eta arnesarekiko lotura etengabea bermatzen du. Erabiltzaileen benetako beharrei erantzuteko garatutako produktu baten emaitza da, eta babes eta konfiantza handiagoa eskaintzen ditu. Diseinuan berrikuntza teknologikoa, ergonomia eta erabiltzeko erraztasuna uztartu dituzte, esperientzia seguruagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko. «Fidagarritasuna ezinbesteko baldintza den sektore batean, I.GOk erakusten du segurtasuna eta diseinua eskutik joan daitezkeela pertsonak babesteko modua eraldatzeko», adierazi dute Irudekeko ordezkariek.
Red Dot Design Awardeko epaimahaiak bereziki baloratu ditu gailuaren segurtasun mekanismoaren sofistikazioa, eraikuntza trinkoa, praktikoa, eta erabiltzeko erraza izatea.
Historian gutxi izan dira Red Dot Design Award saria jaso duten euskal enpresak. Horregatik, Adunako enpresaren ustez, sari hau «harrotasun iturri» da Euskadiko industria eta berrikuntza ekosistema osoarentzat.
