Elkarreko langileek mobilizazioa egin dute gaur Adunako lantegiaren atarian. Banaketa sektorean aritzen diren langileek txanda bakoitzeko 15 minutuko lanuzteak egin dituzte. Lan karga nabarmen handitu dela eta lan baldintzak okertu egin zaizkiela salatu dute, eta etorkizuneko erronkei begira, langileen ahotsa aintzat hartzeko eskatu diote enpresari.
18 langile batu dira gaueko txandako elkarretaratzean, eta 85etik gora eguerdiko mobilizazioan, goizeko eta arratsaldeko txandetako langileek bat egin dutenean –asteburuko txandako langileek beste protesta bat egingo dute larunbatean–. Elkarrek banaketa arloan 250 langile inguru ditu, eta, arrakastatsutzat jo dute mobilizazioa, langile askok egin baitute bat protestarekin.
Baliabide teknikoak eta lan egiteko moduak berrantolatzeko eskatu dute langileek, haien esanetan eginbeharrak ez baitira behar bezala banatzen. Pako Aizpurua langile batzordeko kide eta LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, «arrakala» sortu da zuzendaritzaren eta langileen artean: «Gauzak ez doaz ondo. Egoerari oreka eman behar zaio. Langileok ikusten dugu badagoela non hobetu, eta gure hitza kontuan hartzea eskatzen dugu».
Ohar batean, langileek salatu dute planifikazio falta nabarmena dela, eta besteak beste tresna eskasak, kaxa astunegiak, makineria berriaren kudeaketa desegokia eta leku falta aipatu dituzte. Enpresaren dimentsio aldaketaren ondorio gisa deskribatu dute «kaos» egoera: «Etxe hau handia egin da. Elkar ondo kokatuta dago merkatuan. Enpresak badu proiekzioa aurrera begira, baina hainbesteko hedapenak egokitzea eskatzen du. Moldatu behar dira antolaketa eta baita komunikatzeko modua ere. Erabakiak langileokin partekatu behar dira, erabaki horiek okerrak direnean guk pairatzen baititugu».
Gaurko mobilizazioekin arazoaz ohartarazi eta enpresa negoziaziora eserarazi nahi dutela adierazi dute. «Baikorrak gara. Gure asmoa ez da harremanak puskatzea, baizik eta kontaktua berreskuratzea eta bideratzea. Pentsatzen dugu Elkarrek kontuan hartuko dituela hemen esandakoak. Jarreran gotortuz gero, esan nahiko luke ez gaituztela serio hartzen», azaldu du Aizpuruak.
Bederatzi kidek osatzen dute langile batzordea, eta denak LABeko ordezkariak dira. Langileek espero dute gaurko mobilizazioek egoera bideratzen lagunduko dutela.