Jendaurrean jarri dute HAPOren hasierako dokumentua

Ataria 2026ko maiatzaren 14a

Herritarrek ekainaren 30era arte izango dute alegazioak aurkezteko aukera; dokumentazioa Adunako Udalaren webgunean nahiz udaletxean dago eskuragarri.

Adunako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onarpena aurkeztu zuen asteazkenean kultur aretoan . Aurkezpenean Kristina Rodriguez alkateak, Hirigrama enpresako abokatuak eta arkitektoak hartu zuten parte, eta dokumentuaren edukia, orain arte egindako lanketa eta hemendik aurrerako tramitazioa azaldu zituzten.

2022ko abenduan abiatu zen prozesuak herritarren parte hartzea, diagnostiko teknikoak eta hainbat eragin azterketa bildu ditu. Parte hartze prozesuaren barruan, herritarrei irekitako saioak egin ziren, baita haurrei eta genero ikuspegiari lotutako lanketak ere.

Planaren proposamen nagusiak

Aurkeztutako dokumentuak memoria deskribatzailea, eragin azterketak, hirigintza araudia eta planoak biltzen ditu. Planak lurzoruaren sailkapena, bizitegi-proposamenak, mugikortasunari lotutako jarduketak eta ondarea babesteko neurriak jasotzen ditu, besteak beste.

Bizitegi-proposamenari dagokionez, planak guztira 105 etxebizitza berri aurreikusten ditu. Horietatik, 44 UET/VTM motako etxebizitzak dira, eta 27 etxebizitza libre. HAE 05 Elutse eremuan, berriz, beste 34 etxebizitza aurreikusten dira; dokumentuak zehazten duenez, 3.360 m²(t) etxebizitza tasaturako izango dira, eta 943,24 m²(t) etxebizitza libre isolaturako, nahiz eta ez den etxebizitza kopuruaren banaketa zehatza adierazten.

Mugikortasunari dagokionez, GI-3021 errepidearen trazadura desbideratzea proposatzen da, baita Erriberako bide-zati baten kendu eta udal lurzoruen jarraitutasuna bultzatzea ere. Horrez gain, Uparango bidea ebatziko duen hornidura publikoak egikaritzeko jarduketa bat aurreikusten da.

Dokumentuak, gainera, ondare arkitektonikoa, etnografikoa, industriala eta arkeologikoa babesteko proposamenak jasotzen ditu. Besteak beste, Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Santa Krutz baseliza eta Lepasoro haitzuloa aipatzen dira.

Hurrengo pausoak

Hasierako onarpena aurkeztuta, dokumentuak administrazio-tramitazioarekin jarraituko du datozen hilabeteetan. Une honetan alegazioak aurkezteko epea zabalik dago, eta herritarrek ekainaren 30era arte izango dute ekarpenak egiteko aukera.

Epe horretan, alegazioez gain, hainbat txosten sektorial ere jasoko dira; besteak beste, ur sareari, errepide sareari edo bestelako azpiegiturei lotutakoak. Behin alegazioak eta txosten horiek aztertuta, dokumentua udalarekin kontrastatuko da, eta iraila eta urria bitartean behin-behineko onarpena egitea aurreikusten dute arduradunek.

Ondoren, dokumentuak administrazio-bidea jarraituko du, Eusko Jaurlaritzaren lurralde antolamendurako batzordearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren onarpena jaso arte.

HAPOari buruzko dokumentazio osoa udalaren webgunean eta udaletxean bertan dago eskuragarri herritarren kontsultarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!