Industriagunean esku hartzeak egingo ditu Adunako Udalak

Ataria 2026ko urtarrilaren 21a

Deskarbonizazioan urratsak ematen dituzten enpresak lagunduko dituzte. Parte hartzea sustatzeko, plazako lokala erabiltzen utzi die udalak 12 eta 16 urte artekoei.

Eremu zabala hartzen du Adunako Erriberako industriaguneak eta bertan hainbat esku hartze egingo ditu udalak datozen hilabeteetan. Horretarako, abenduaren 17an egindako osoko bilkuran onartutako 1,5 milioi euroko aurrekontuaren zati bat erabiliko du. 

Aurreko urteetan bezala, tasetan hobariak aplikatuko zaizkie hondakinen kudeaketa egokia egin edo energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duten enpresei. Horrekin batera, euren industria jarduera deskarbonizatzeko urratsak ematen dituzten lantegiek ere izango dute administrazioaren laguntza. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, hiru urte iraungo dituen plan berritzailea ondu du udalak, eta deskarbonizazio mailaren araberako hobaria jasoko du izena ematen duen enpresetako bakoitzak. 

Kristina Rodriguez alkateak aitortu du udalari ekarpen handia egiten diotela enpresek jarduera ekonomikoagatik ordaindutako zergekin. «Sarrera horiek, ordea, legez, ezin ditugu osorik erabili industriagunearen mantenu gastuetarako eta hain eremu zabala txukun mantentzeak kostu handia du. Gurea bezalako udalerri txikion baliabideak mugatuak dira».

Brigadako bi langile baino ez dituzte Adunan eta herri osoa garbitzeko lan taldea «motz» geratzen dela esan du alkateak. Orain arte, lan jakinetarako garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak azpikontratatu izan dituzte baina konturatu dira beste maila bateko dedikazioa eskatzen duela hainbesteko industriaguneak: «Aurrekontuan diru bat gorde dugu gaia aztertzeko eta ikusteko ea enpresa bat lizitatu ote dezakegun lan hauetaz arduratzeko. Guretzako garrantzitsua da ingurunea garbi mantentzea, besteak beste, segurtasuna bermatzeko eta eremua ez degradatzeko». 

Zonalde berean eta asmo berdintsuarekin inbertsio garrantzitsua egin zuen udalak iaz: GI-3610 errepidea egokitu zuen Urtaki industriagunetik Haizpea industriaguneraino. Bidea zabaldu eta espaloia konpondu ondoren Gipuzkoako Foru Aldundira eskualdatu zuten errepidearen jabetza. «Adostu genuen, handik aurrerako zatia, Elkar enpresatik bidegurutzeraino bitartekoa, haien esku geratzen zela baina orain arte ez dute ezer egin». 

Rodriguezen ustez, aldundiak «serio» hartu beharko luke GI-3610 errepidearen egokitzea: «N-1a trabatzen den bakoitzean jendeak alternatiba bezala erabiltzen du bide hori eta egoera duinean eduki beharko lukete». Alkateak esan du egunotan Todo Todo parean egiten ari diren lanek ez dutela zerikusirik bidea egokitzearekin, hoditeria eta bestelako zerbitzuak sartzen ari dira atzerago eraikitzen ari diren enpresa gune berrirako. 

Bide gehiagoren ardura ere badu Adunako Udalak eta aurten horiek guztiak pixkanaka konpontzen joateko konpromisoa hartu du. «Geroz eta luizi, lur mugimendu, haizete eta uholde gehiago izaten dira eta bideak asko kaltetzen dira. Aurten bi konponduko ditugu, eta, datorren urtetik aurrera, beharrak non dauden identifikatu eta bide horietako bana egokituko dugu urtero». Basopetako parkean egon diren kalteak konpontzeko asmoa ere badute udaberrirako.

Gazteak erdigunean

Aurtengoa Adunan «trantsizio» urtea izango dutela nabarmendu du alkateak, 2025ean errepidea egokitzearekin batera, Kamioko etxebizitza egitasmoa aurrera ateratzeko ahalegin ekonomiko handia egin behar izan baitzuen udalak. Promotoreak atzera egin ondoren, udalak falta zen lursaila erosi zuen. «Erosketa hori ordaintzen joateko eta urbanizagarria den eremura zerbitzuak sartzeko inbertsioa egingo dugu aurten». Alkateak aurreratu du Iturrioz eraikuntza enpresa arduratuko dela etxebizitzak eraikitzeaz eta aurki hasiko dituztela lanak. 

Kamioko eremuan 20 etxebizitza eraikiko dira eta horietatik 18 babestuak izango dira. «Baldintzak mantendu eta aurreko promozioan egindako esleipenak errespetatu ditugu. Gazteak joango dira bertara bizitzera, gehienak herrikoak dira eta pare bat eskualdekoak. Pozik gaude, bertako gazteentzako alternatiba bat bermatu nahi baikenuen eta azkenean asmoa gauzatuko delako».

Izan ere, 500 biztanle pasatxoko herria da Aduna eta horietako asko gazteak dira. Udal ordezkariak kontziente dira herriko dinamiketan parte hartzera bultzatu behar dituztela herritarrak txikitatik eta asmo horrekin utzi die 12 eta 16 urte arteko gazteei plazako udal lokala erabiltzen. DBHko lehen mailatik laugarren mailara bitarteko 30 gaztek erabiltzen dute, ostiraletik igandera; 16:00etatik 21:00etara DBH 1-2-3ko ikasleek eta 19:00etatik 23:00etara (larunbatetan 00:00ak arte) DBH 4koek.

«Txartel pertsonalizatua dute atea irekitzeko eta libre ibiltzen dira. Hori bai, gutxieneko araudia betetzeko eskatzen diegu: lokala garbi mantendu eta zerbait puskatzen bada erantzule egin behar dira», azaldu du Rodriguezek. Lokala erabiltzearen ordainetan, herriko ekimenetan parte hartzeko eskatzen diete gaztetxoei. Bide onean doala uste dute, hilabeteotan Gau Beltzako eta Eguberrietako ekimenetan aktiboki parte hartu baitute gaztetxoek. «Aurrera begira irteerak edo bestelako ekintzaren bat proposatzen badute udalaren babesa izango dute. Guk bada ez bada, aurrekontuan diru bat jaso dugu horrelakoak sustatzeko».

Gazteei bakarrik ez, 60 urtetik gorako herritarrei ere jartzen die arreta udalak. Haiekin irteerak eta bestelako jarduerak koordinatzeko maiz biltzen direla esan du alkateak. Azpimarratu du, gainera, adineko pertsonentzat Loatzo musika eskolak martxan jarri dituen ikastaroak arrakasta handia izan duela Adunan eta erretiratutako sei herritarrek hartzen dutela parte saio horietan.

Bestelako inbertsioak

Udalak 2026. urterako baditu asmo gehiago. Euskararen sustapenean, adibidez, ahalegina egingo du. «Herri euskalduna da gurea baina azkenaldian erdara dezente entzuten dugu plazaren bueltan eta kezkatuta gaude; ezin dugu utzi arnasguneetan euskarak atzera egin dezan». UEMArekin azterketa egin eta neurri batzuk hartuko dituztela aipatu du alkateak.

Euskara eta herri giroa sustatzen lagundu du azkeneko hilabeteetan, esate baterako, Txantxane tabernak. Izen bereko eraikinaren behealdean dago eta udal jabetzakoa da. «Oso kontentu gaude. Gazteek hartu dute ardura eta ikusi dugu funtzionatu duela. Beste taberna bat zabalik egoteak herriari bizitasuna eman dio. Jende asko ibiltzen da, bertakoa eta baita ingurukoa ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!