Tarrapatan (Elkar, 2019) zazpi egunetan panderoa jotzen ikasteko liburuaren ondoren, Xabier Berasaluze Leturiak (Villabona, 1954) Koplarik kopla (Elkar, 2025) izenekoa kaleratu du. 45 urteko ibilbidean kantatu eta entzun dituen piezen bilduma da.
Noiz hasi zinen liburu hau prestatzen?
Aspaldikoa da asmoa. Ni plazetan 1979an hasi nintzen, baina lehenagotik ere banuen genero honekiko afizioa. Garai hartan gure artean konexioak motzagoak ziren eta ehizan bezala ibiltzen ginen. Iparraldean grabagailua erosi eta erromerietan ibiltzen ginen doinu berriak jasotzen. Entzundako koplak paper batean apuntatu eta maleta zahar batean gordetzen nituen. Duela lauzpabost urte begira hasi eta konturatu nintzen altxor handi bat zegoela han sartuta; pentsatu nuen merezi zuela hura dena antolatzeak.
Zenbat kopla bildu dituzu?
152 jaso ditut. Gehiago ere banituen baino batzuk alboratzea erabaki dut, gaur egungo ikuspegitik ez direlako egokiak: gu hasi ginenean mutilzahar eta neskazahar kontuak izaten ziren nagusi kopletan; zirikatzaileak izaten ziren gehienetan. Gerora, asko findu ziren eta beste dimentsio bat hartu zuten koplek. Olerki aldera jo eta beste aberastasun bat dute gaurkoek, hitzek pisua dute kopletan.
Nola antolatu dituzu koplak liburuan, epeka?
Nahaste-borraste bat egin dut, baina, nagusiki, hiru ataletan antolatu ditut: lehen urteetako koplak daude aurrena 1970etik 1984ra bitartekoak; ondoren Joseba Tapiarekin batera egindakoak; eta, azkenik, 2010. urtetik aurrerakoak.
Liburuan jasotako guztiak kantatu dituzu zuk?
Denak ez, baina gehienak bai. Hainbat iturritatik jasotako koplak dira. Gu gazte ginen garaian erromerietan grabatutakoak dira horietako batzuk, baina badaude kopla zaharrak ere. Liburuaren aitzakian nire eskura ezagutzen ez nituen bildumak iritsi dira: Markinako Jabier Kaltzakortarenak edota Ataungo On Juan de Arinenak, esate baterako. Sorta ederrak dira. Dena den, Xabier Amuriza da gai honetaz gehien dakiena. Hark 3.000 koplako bilduma dauka jasota. Gaiaz gehien dakiena da.
Aldamenean izan duzu Amuriza liburuaren idazketan?
Bai. Maleta zahar hartan aurkitutakoaz hitz egin nionean, horrekin guztiarekin zerbait egin behar genuela esan zidan. Testu batzuk zuzentzen lagundu dit eta liburuaren hitzaurreetako bat idatzi dit. Bestea, herriko Juan Kruz Igerabide lagunak osatu du; koplen inguruan egin zuen honek doktore tesia eta liburuarena komentatu nionean laguntzeko prest agertu zitzaidan.
Zuk sortutako koplarik jaso al duzu liburuan?
Ni ez naiz bertsolaria, ezta koplaria ere; nik ikasitakoak kantatu izan ditut, besterik ez. Hala ere, nire ausardia guztiarekin moldatu izan ditut kopla batzuk. Olerki liburu bat edo bertso zahar bat hartu eta han esandakoa koplara ekartzen saiatu izan naiz. Ez naiz ni bakarrik aritu modu horretara: Egañazpik 1979ko Trikitixa Txapelketa Nagusian Bilintxen bertso batzuk ekarri zituen koplara.
Zer du koplak hain bereizgarri egiten duena?
Genero motza da. Hitz gutxirekin asko esan beharra dago eta bat-batean aritzeko arrisku handiko terrenoa da. Pentsatzen dut horregatik ez dietela txapelketetan bertsolariei ariketa bezala jartzen. Kopletako bakoitzak bi punturekin esanahi handia behar du, baina aldi berean sorta guztiak izan behar du batasun bat. Iaioa izan beharra dago kopletan aritzeko.
Molde txikiko euskal poesiaren erakusgarri dira koplak?
Hala moduz. Bertsoa edo kopla, bietan zaharrena kopla da, argi dago. Amurizak dio Itun Zaharrean hebreerazko koplak ageri direla eta guri Mediterraneo aldetik iritsi zitzaizkigula. Horregatik kantatu izan ditugu guk jota moldean.
Koplak zein doinutan kantatu behar diren jaso al duzu liburuan?
Bai. Alde batetik, kopla bakoitzaren izenburuaren azpian, eta hitzen aurretik, hainbat datu zehaztu ditut, hala nola hitzen eta doinuaren egileak zein diren –ezagunak badira behintzat–, noiz, non eta norekin kantatuak diren edo non entzundakoak. Kopla bakoitzari moldea ere zehaztu diot eta hiru zerrenda osatu ditut liburuaren amaieran: Porrusalda doinu arruntak, Trikitixa doinu arruntak eta Koplaren doinu finkoak. Atal hauetako bakoitzak QR kode bat du aldamenean kantu zerrenda batera daramana.
Kopla galbidean dagoela esango zenuke?
Ez dakit esaten. Txapelketak martxan jarri eta diskoak plazaratzen hasi ginenean gu saiatu ginen zaharrak biltzen eta bertsolari zein idazleei berriak sortu zitzaten eskatzen. Gu ere ibiltzen ginen kopiatzen, hortaz ez gaude aho handiarekin ezer esateko moduan, baina uste dut, gaur egun, gazteek berriak egin beharrean aspaldikoak kopiatzen jarduten dutela. Kopla hartu eta gaurkotu egin beharra dago, gaur egungo gaietara egokitu. Esperimentatu dezakeen jendea behintzat badago, esaten dutenez Euskal Herri osoan 3.000 trikiti ikasle baitaude.
Zeinengan pentsatuta idatzi duzu liburua?
Bada, trikiti ikasle horiengan pentsatuta, adibidez, izan daiteke horientzat interesgarria. Bestela, iruditzen zait edozeinek irakurri dezakeela gustura: bertsolariek, musikazaleek edota hitzarekin jolas egitea gustuko dutenek. Barre pixka bat egiteko ere balio du liburuak.
Apartatuko al zenuke liburuko koplaren bat bereziki gustuko duzuna?
Nik jarritako batzuk aipatuko nituzke adibidetzat, gure eskolako ibilerak kontatzen dituena. Amasan hasi nintzen eskolan maisu batekin eta nahiko lan bazeuzkan hark gurekin, gu erdaraz gaizki eta hura euskaraz ez baitzen batere moldatzen. Modu umoretsuan kontatzen ditut bizi izandako gorabeherak: «Gure eskolan bazan eskola klasea (bis)/ aurrerapen motza ta/ makila luzea./ Bai horixe!/ Makila luzea./ Gure eskolan bazan/ eskola klasea».