Adunako Mendi Duatloia jokatu dute gaur arratsaldean, eta Iker Eskibel Elorza (1:05:27) eta Maddi Olaetxea Usabiaga (1:24:20) izan dira txapeldunak. Hiru zati izan ditu probak: lehenik, 3,66 kilometro egin dituzte mendian lasterka; bigarrenik, 14,5 kilometro mendian bizikletaz; eta, azkenik, beste 1,83 kilometro korrika.
Gizonezkoetan Eskibelen atzetik hurrenez hurren iritsi dira Aitor Regillaga Beloki (1:08:18) eta Josu Urrestarazu Garcia (1:08:25); eta emakumeen podiuma, berriz, Nekane Pradera Belarrek (1:28:29) eta Aiara Garaialde Zeberiok (1:29:14) osatu dute. Bestalde, Asier Aburuza Belamendia izan da herritarrik azkarrena (1:09:58).
Eskibelek adierazi du lasterka «ahulago» sentitu duela bere burua: «Korrika egitea ez da nire diziplina. Bizikletan moldatzen naiz ondoen eta hor saiatu naiz tartea egiten; azken zatian, ahalik eta errenta handiena izateko». Denboraldia amaitutzat eman du irabazleak, eta gogobeteta hitz egin du aurtengoaren inguruan.
Olaetxeak, bestalde, kontatu du ez duela «egunik onena izan»: «Korrika erdi erren aritu naiz, eta pixka bat sufritzea tokatu da gaur. Azkenean uste baino hobeto, korrika egiteko bigarren zatira uste baino indartsuago iritsi bainaiz». Denboraldia «gorabeheratsua» izan dela ere aipatu du, tartean, gaixotu egin dela-eta: «Denboraldia azkenerako luze samar joan da, baina lortutako emaitzekin oso gustura nago».
Bakarka zein binaka
Lasterketan banaka ez-ezik, binaka ere hartu dute parte lehiakideek. Bikoteka azkarrenak Aitor Herrera Urroz eta Koldo Aizkorbe Jimenez (1:03:47) izan dira; eta kategoria mistoan, berriz, Larraitz Rodriguez Garcia eta Jon Caballero Garcia (1:15:41) izan dira helmugan lehenak.