Adunako VII. Mendi Duatloiarekin itxiko da beste behin zirkuitua

Ataria 2025eko azaroaren 11

Iazko Adunako Mendi Duatloiaren une bat.

Larunbatean izango da jokoan Adunako proba eta 15:00etan emango diote hasiera. Gauean afaria izango da, eta Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko sariak banatuko dituzte.

Euskal Herriko Mendi Dua-tloiaren Zirkuituko azken proba egingo da larunbatean Adunan. 15:00etan hasiko da Adunako VII. Mendi Duatloia eta ohiko moduan hiru zati izango ditu: 3,66 kilometroko mendi lasterketa 118 metroko desnibel positiboarekin, 14,5 kilometro mendi bizikletaz 541 metro positiboarekin eta 1,83 kilometroko mendi lasterketa 59 metroko desnibel positiboarekin.

Banaka zein bikoteka parte hartu daiteke proban eta bihar da azken eguna izena emateko. Horretarako Rockthesport.com webgunean sartu behar da. Banakakoan, parte hartzaileek 20 euro ordainduko dute federatuta badaude eta 25 euro federatuta ez daudenek. Bikoteka parte hartuko dutenek 25 euro ordainduko dute. Adunako Mendi Duatloian erabakiko dira zirkuituko sailkapen orokorrak eta gauean banatuko dira sari horiek.

Hain justu, azken urteotan Adunan egin da Euskal Herriko Mendi Duatloiaren Zirkuituari amaiera ematen dion festa. Afaria egiten dute Aburuza sagardotegian, eta ekitaldia aprobetxatzen dute sariak banatzeko. Parte hartzaile ugari elkartzen dira bertan. Gaur amaitzen da izena emateko epea, eta horretarako ere Rockthesport.com webgunean eman daiteke izena. Adunako probaren sari banaketa 18:00etan egingo dute, eta ondoren, 19:00ak aldera, trikipoteoarekin hasiko dira. 20:30ean izango da afaria, eta 22:00etan emango zaio hasiera sari banaketari. Azkenik, 23:00etan musika festa izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!