Oria merkatari elkarteak merkataritza dinamizatzeko Kromotik herrira kanpaina jarri du martxan eta azaroaren 24ra arte egingo da. Villabona eta Zizurkilgo saltokietako bezeroek kromo bilduma egin eta erosketa-txekeengatik trukatu ahal izango dituzte.
Oria merkatari elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroek kromoak jasoko dituzte, bildumagarriak izango direnak. Kromo bakoitzak herriko denda bat ordezkatzen du eta bertan dendarien aurpegia agertzen da, pelikula gustukoena zein duen azaltzearekin batera.
Kromo trukatzea
Merkataritzaren eta herritarren arteko lotura sendotu nahi dute kanpainarekin eta merkatarien alde «pertsonala eta gertukoa» agerian utzi, «Villabonako eta Zizurkilgo merkataritza sareari bizia ematen dioten pertsonei balioa emanez». Oria merkatari elkartearen hitzetan, «kromo bakoitza istorio txiki bat da herritarrak eta dendariak elkartzen dituena, eta komunitatea eraiki eta konfiantza zein gertutasun harremanak sustatzen ditu». Saltoki bakoitzak kromo ezberdinak banatuko ditu, modu aleatorioan. Gutxieneko 10 euroko erosketa egin beharko da kromo bat lortzeko. Gero, bildutako 7 kromogatik 10 euroko erosketa txekea jasoko dute bezeroek; 14 kromogatik 20 eurokoa; 21 kromogatik 30 eurokoa; eta 28 kromogatik 40 eurokoa.
Kanpainan 10 eta 40 euro arteko txekeak banatuko dituzte, bildutako kromo kopuruaren arabera. Guztira 1.000 euro banatuko ditu Oria merkatari elkarteak saritan. Kromoak txekeengatik trukatzeko astelehenetan joan beharko da Villabonako Udaleko herritarren arreta bulegora, 08:00etatik 14:00etara.
Herritarrek elkarrekin kromoak trukatzeko aukera izango dute eta, modu horretara, parte hartzea eta herriko bizitza soziala sustatuko dituzte. Zure herria osatu dendariak bildu leloa erabili dute kanpainarako merkatari elkartekoek eta erosleei dei egin diete azaroaren 24ra arte iraungo duen aukera honetaz baliatzeko.
