Sirena hotsek lagunduta, eta bi pankarta zabalik 30 bat herritar manifestatu dira Adunako Txapela klubaren aurrean. Giza-katean joan dira prostituzio etxe aurreraino, uneoro arduradunetako bat leihotik zelatan zutela. Mezu argia zabaldu nahi izan dute adunarrek, emakumeen aurkako sexu erasorik ez dutela onartzen, alegia. Honela zioen lehen pankartak, eta bigarrenak «Esplotazioa + erasoa = Txapela» are zuzenagoa izan da.
Edonola ere, elkarretaratzean bildurikoek atzera egin eta azken hilabeteotako gertaerak gogoratu dituzte: «Urtebeteko tartean, bigarren aldiz elkartu gara emakumeen oinarrizko eskubide baten zapalkuntza larria gaitzesteko». «Inpunitatea, zapaltzaileen beldurrik eza, errepikapena» dira errepikatutako hitzak, salaketaren berri izan dutenean. «Neurriak» eskatu dituzte, «praktika horiek normaltasun gisa ez hartzeko».
Kontzentrazioa baliatu nahi izan dute adunarrek «eskumena dutenei dei egiteko, eta eskatzeko ez Adunan, ez beste inon ere ez ditzatela onartu horrelako zapalkuntzak».
Udala lanean
Adunako alkate Kristina Rodriguezek hitza hartu nahi izan du elkarretaratzearen amaieran, Adunako Udalak eman dituen pausoen berri emateko. Ertzaintzarekin harremanetan daudela jakinarazi du, nahiz eta momentuz informazio gehiegirik ez duten eskuratu. Edonola ere, Adunako Udalaren asmoa Txapela klubaren aurka egitea da: «Udalaren aldetik saiatuko gara, judizialki, gure esku dagoenean behintzat, legean zirrikitu bat bilatzen eta esku-hartzen». Txapelako arduradunen gainean dauden sententziak eta egon diren atxiloketa txostenak jasoko dituzte jakin du Rodriguezek: «Horri esku hartuta, badakigu ia ezinezkoa izango dela ixtea, baina gutxienean ostatu bezala baimena daukate, eta inpunitate guztiarekin ez daitezela egon. Gure esku dagoen apur hori behintzat egiten saiatuko gara».