Jai herrikoien legea da lana eta parranda uztartzea. Aurten Adunako Metak kuadrillak protagonismo berezia izan du festetan: jaien hasierako suziria pizteko ohorea izan zuen ostegunean eta, gaur, Kuadrillen Egunean, haiei egokitu zaie gainerakoentzat bazkaria prestatzea.
28 laguneko kuadrilla da Metak eta goizeko 09:00etarako hasi dira lanean eguerdirako dena prest egon dadin. Txorizo pintxoa, pasta entsalada eta oilasko izterrak saltsan. Hori da prestatu duten menua eta postrerako Ezeizatik bonbak ekarri dituzte izozkiarekin zerbitzatzeko. Metakeko kideek esan dute nahi adina edari egongo dela bazkaritan, besteak beste, herriko bi sagardotegiek utzitako sagardoa egongo baita aukeran.
Gaur bazkaria prestatzeko ardura duen kuadrilla herriko beteranoenetako bat da; badute esperientzia. Gutxi gora behera hamar urtez behin egokitzen zaie herri bazkariaren kargu egitea. Arduraz, baina, batez ere, umorez hartu dute eginkizuna. Bazkaldu ondoren, Metakek erabakiko du zein kuadrillak prestatuko duen datorren urteko bazkaria. Ikusmina dago jakiteko zeinek jasoko dituen sukalderako trasteak.
Iraunkorrak txarangak alaitu du gaur bazkalaurrea eta baita ostea ere. 250 lagun elkartu dira Kuadrillen Eguneko bazkarian, 14 kuadrillatan banatuta.
Arratsalderako egin dute plana Adunan:
- 19:00-20:30. Dantzaldia Muxutruk erromeriarekin.
- 20:30. Bokatak.
- 22:00. Zezen suzkoa.
- 23:00. Azkena Gora! Agur Kukurruku!
- Ondoren. Dantzaldia Muxutruk erromeriarekin.