Bero handia izan dute Adunako plazan, eta dantzariek sufritu dute emanaldietan, bai Axeri Dantzan aritu direnak, eta baita aurretik herriko gazte eta gaztetxoek eskainitakoak. Ospakizun eguna dute gaurkoan Adunan, orain 50 urte berriro Axeri Dantza egiten hasi zirelako. Orduan Andoaingoei laguntza eskatu zieten, eta gaur gonbidatu bereziak izan dituzte: urte horietan parte hartu duten hainbat izan dira bertan.
Berezia izan da ere inoizko parte hartze handiena izan baita gaurkoa. Guztira 27 aritu dira dantzan, denak herrikoak. «Helburuetako bat zen ahalik eta jende gehienak parte hartzea, eta lortu dugu», esan du Xabi Tejeria dantzarien kapitainak. «Beste helburua bi dorre egitea zen, eta hori ere lortu dugu, eta oso gustura gaude». Oso pozik agertu da ere Tejeria etorri diren gonbidatu kopuruarengatik. «Asko etorri dira, eta saioaren aurretik gosaria egiteko eta kalejiran aritzeko aukera izan dugu». Bero handiak eraginda, emanaldian zehar geldialdiak egin dituzte ura edateko. «Sufritu dugu, baina asko gozatu dugu».