Datorren ikasturterako ikastaro eskaintza egin du Adunako Udalak

Ataria 2025eko uztailaren 8a

Uztailaren 18ra arte eman daiteke izena. Gazte, heldu eta adinekoentzat ikastaroak eskainiko dituzte.

2025-2026 ikasturterako ikastaro eskaintza egin du Adunako Udalak eta uztailaren 18ra arte egongo da horietan izena emateko aukera. Herritar bakoitzak ikastaro bakoitzeko izena emateko orri bat bete beharko du eta behin apuntatuta, ikasturte osoa ordaintzeko konpromisoa hartuko du.

Askotariko eskaintza egingo dute datorren ikasturtean Adunan: 4 eta 12 urte artekoentzat zumba ikastaroa eskainiko dute; eta euskal dantza saioak bi taldetan banatuta, 3 eta 6 urte artekoentzat bata eta 7 urtetik gorakoentzat bestea. Helduentzat, 16 urtetik gorakoentzat, pilates eta yoga ikastaroak egongo dira aukeran.

Ikastaro gehienak irailean hasi eta ekainera arte luzatuko dira. Helduentzat joskintza ikastaro bat ere jarri nahi dute martxan eta hamabostean behin ostiraletan egingo dituzte saioak, urritik abendura bitartean. Bestalde, 60 urtetik gorakoentzat, musika saioa bat emango dute astelehenetan, 18:00etatik 18:45era.

Adunako Udalak jakinarazi duenez taldekide kopuru minimoa osatuko ez balitz bertan behera geratuko litzatekeela ikastaroa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!