Adunako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Real Sociedad Fundazioak eta Irizarrek babestuta, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak, Euskal Kirol Egokituaren –EKE– ikasturte amaierako jaia egin du goizean, Adunan. Askotariko ekintzak izan dira frontoian eta plazan, EKE programaren erabiltzaileentzat nahiz Adunara bertaratu diren haur eta gaztetxoentzat. Real Sociedad Fundazioak prestaturiko jolasez eta puzgarriez gain, kirol egokituarekin lotutako jarduerak ezagutu dituzte txikienek. Bestetik, askotariko sariak banatu dituzte tonbolan, eta Zapotxin pailazoak ikuskizuna egin du, eguerdian, plazan.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren Eskola Kirol Egokituko programan, 160 haurrek parte hartu dute ikasturte honetan Gipuzkoan, eta horiei aitortza egiteko festa giroko eguna antolatu nahi izan dute. «Familiek, seme-alabek, begiraleek eta teknikariok, denon artean, festa giroan, ondo pasatzea da helburua. Edozer gauza egiten dugula ere, badakigu eskertuta gaudela, baina denontzako sari bat da gaurkoa. Ea urtero data finkatu eta ekitaldia errepikatzen dugun. Hori izango litzateke erronka», azaldu du Eneritz Maiora Zumeaga Euskal Kirol Egokituko Gipuzkoako koordinatzaileak.
Kirola denentzat eskuragarri izatea da federazioaren helburua, eta helburu horrekin ospatzen dituzte jarduerak urtean zehar, baita gaurko festa ere. «Edozein desgaitasun edo egoera zaurgarriren aurrean, denok daukagu kirola egiteko eskubidea», adierazi dute eguerdian plazan egin duten ekitaldian.