Merezitako omenaldia jaso du Iñaki Gorostidik

Leyre Carrasco 2025eko maiatzaren 19a

Urtarrilean hil zen Iñaki Gorostidiri omenaldia egin zioten herri kirol munduak eta Adunako herriak, atzo arratsaldean, Adunako pilotalekuan; tartean harri jasotze eta aizkora erakustaldiak egin zituzten, Euskaraldiaren harira abesti bat ere abestu zuten eta Gorostidiren familiari oroigarriak eman zizkien, besteak beste.

Iñaki Gorostidiren izen bera duen aurtengo harri jasotze txapelketa omenaldi bihurtu da. Izan ere, urtarrilean hil zen Iñaki Gorostidi eta aurtengo txapelketa aitzaki hartuta omenaldia egin dio herri kirol munduak eta Adunako herriak. Harri jasotzaile eta boxeolari moduan aritu zen Gorostidi, eta boxeoren eta herri kirolen ingurukoen hitz batzuekin hasi zen atzoko ekitaldia.

Hain justu, Millan Telleriaren bertsoek zabaldu zuten ekitaldia, eta ondoren, Manolo Kortajarena, Manu Maritxalar eta Iñaki Perurenak hartu zuten hitza. Tartean, lehendabizikoz egin zen Gorostidi harriaren bideoa proiektatu zuten.

Horren ostean, hainbat harri jasotzaile aritu ziren lehian; guztira 28 harri jasotzaile aritu ziren, tartean Aimar Irigoien izan zen, Gorostidi Harriaren hamabost edizioetatik hamabitan txapela lortutakoa. Horrez gain, aizkolariak ere izan ziren.

Euskaraldiaren harira, abesti bat ere abestu zuten, eta ekitaldiaren azken tartean, Iñaki Gorostidiren familiari oroigarriak eman zitzaizkien, besteak beste, Adunako Udalaren eta Muxkil elkartearen aldetik. Gorostidiren senideek eskuz egindako oroigarriak ere banatu zizkieten kirolari eta antolatzaile guztiei.

Erlazionatuak

Iñaki Gorostidi omendu dute

Leyre Carrasco 2025 mai 19 Aduna

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!