Harri jasotze txapelketa omenaldi bihurtuko da

Ataria 2025eko maiatzaren 15a

Iñaki Gorostidi eta Aimar Irigoien, 2007an, Gorostidi Harriaren sari banaketan.

Iñaki Gorostidiren izena duen harri jasotze txapelketa aurtengoan omenaldia izango da. Igande arratsaldean egingo da ekitaldia Adunako frontoian.

Herri kiroletan hitzordu berezia izango da Adunan igande honetan. Herriko frontoian, 18:00etatik aurrera, urtarrilean hil zen Iñaki Gorostidiri omenaldia egingo dio herri kirol munduak eta Adunako herriak. Harri jasotzaile eta boxeolari moduan aritu zen Gorostidi, eta bere izena duen harri jasotze txapelketa egin da azken urteotan. Hain justu, aurtengo edizioan txapelketa omenaldi bihurtuko da, herri kirolen inguruko hainbat lehiaketa eta erakustaldi eginez.

Ekitaldia boxeoren eta herri kirolen ingurukoen hitz batzuekin hasiko da. Ondoren, hainbat harri jasotze lehia egingo dira, eta guztira 28 harri jasotzaile ariko dira parte hartzen. Aimar Irigoien ere bertan izango da, Gorostidi Harriaren hamabost edizioetatik hamabitan txapela lortutakoa. Berez utzita du harri jasotzea, eta egun horretarako bereziki prestatu da. Horrez gain, aizkolariak eta ingude altxaketa saio bat ere izango da.

Euskaraldiaren harira, abesti bat ere abestuko dute, eta ekitaldiaren azken tartean, Iñaki Gorostidiren familiari oroigarriak emango zaizkie, besteak beste, Adunako Udalaren eta Muxkil elkartearen aldetik. Gauean herri afaria egingo da, Zabala sagardotegian, eta gaur da azken eguna izena emateko, Adunako Uztartza tabernan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!