Adunako Txantxane eraikinaren behealdean udalak prestatutako denda-tabernaren ardura hartu dute Jon eta Oier Irazu anaiek. Inaugurazio ekitaldia bihar egingo dute, 18:00etan, eta giroa jartzeko Malkogarriyak taldekoak ariko dira bertan.
«Aurretik ere pentsatu izan dugu tabernaren ardura hartzea, baina aurreko abenduan, afaltzen ari ginela boteprontoan bota nion anaiari eta hark baiezkoa erantzun zidan. Ordutik hona guztia prestatzen aritu gara», esan du Jon anaia zaharrenak. Oierrek, gazteenak, esperientzia du ostalaritza munduan eta hura arduratuko da buru-belarri denda-taberna kudeatzeaz.
Astearteetan izan ezik, gainerako egunetan 09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik establezimendua. Asteburuetan eta uda partean ordutegia luzatzeko aukera izango dela aipatu du Jon Irazuk. Goizetan gosariak emango dituzte, prestatutako pintxoak eguerdian eta arratsaldean taberna zerbitzua emango dute. «Alde batean denda bezala funtzionatuko du eta bertan premiazkoak diren produktuak salduko ditugu, Adunako herrigunean ez baitago bestelako dendarik eguneroko jakiak erosteko. Gainera, herriko ekoizleekin hitz egin dugu eta haien produktuak ere jarriko ditugu salgai».
Adunarrak dira Irazu anaiak eta aitortu dute negozio ikuspegitik baino gehiago, herriari ekarpena egiteagatik eman dutela pausoa denda-taberna zabaltzeko: «Iruditzen zaigu herri giroa bultzatzeko modu bat dela eta bilgune bat izango dela adin guztietako herritarrentzat». Aukera ematen du guneak, barruko espazioa txikia izan arren, kanpoan dagoen itxiturak eta atariko terrazak ematen dutelako patxadan bertan egoteko aukera.
