Adunak 0-3 galdu du Azpeitiaren aurka Herriartekoan

Ataria 2025eko maiatzaren 2a

Herriarteko Txapelketa izan da jokoan Adunan, eskuzko modalitatean, eta Azpeitia indartsuaren aurka ezin izan dute partidarik irabazi, nagusietan adunarrek estutu badute ere.

Kadeteetan Xuhar Iparragirrek eta Oihan Navarrok jokatu dute eta 9-22 galdu dute azpeitiarren aurka. Jubeniletan 7-22 galdu dute Inhar Iparragirrek eta Peru Cestauk. Nagusietan Andoni Olasagastik eta Joanes Cestauk 20-22 galdu dute.

Migel Anjel Cestau Adunako taldearen arduradunak azaldu duenez, «hiru partidak galduta burumakur geratu gara. Real Madrilen aurka jokatzea bezala izan da. Nahiz herri txikia izan, Adunan asko bizi dugu pilota, eta talde polita osatu dugu Herriartekorako, baina pena izan da, zeozer irabazi eta azkenean ezin izan dugulako». Itzulerako jardunaldian «dena ematera» joango direla gaineratu du: «Ez da erraza izango, baina esaten den moduan, pilota biribila da eta oraindik badugu bolbora».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!