Errepidea erabat itxiko dute hilabetez, GI-3610 bidea egokitzeko

Ataria 2025eko martxoaren 11

Urtaki, Haizpea eta Uparan industriaguneak lotzen dituen errepidean egingo dituzten lanek, orotara, bost hilabete iraungo dute.

Bihar hasiko dituzte Adunako Urtaki, Haizpea eta Uparan industriaguneak lotzen dituen GI-3610 errepidea birmoldatzeko lanak. Adunako Erriberan egingo den obraz arduratuko den enpresak adierazi duenez, lauzpabost hilabete iraungo dute lanek.

Elkar enpresaren parean abiatuko dituzte lanak eta errepide mozketak egin beharko dituzte eremu horretan. Errepide zati horren egin beharreko lanak dira zailtasun handienekoak eta hilabetez, beraz, ezingo da Elkar paretik Zizurkil-Villabonarako bidea hartu. Gainerako enpresetako langileek ere Andoain aldeko errepidea hartu beharko dute lantokietara sartzeko.

Industriagunearen hasieran dagoen merkataritza zentrora joateko, berriz, Zizurkil-Villabonako sarbidea baino ezingo da erabili. Bestalde, oinezkoak lantokietara iristeko behin-behineko pasabide bat sortuko dute Villabona aldetik.

Udalak lankidetza eskaera

Adunako Udalak enpresetako arduradunei jakinarazi die obrak hastera doazela eta, bide batez, elkarlana eskatu die: «Errepidea ez da guztiz itxita egongo hilabete guztietan, baina uneren batean urgentziaz ixteko erabakia hartzen badute, arazo gutxiago sortuko dugu tarte honetan beti Andoain aldeko sarbidea erabiltzen badugu. Sortzen diren eragozpenak eramanerrazago egingo ditugu».

Industriagunearen atzealdetik behin-behineko bide bat irekiko dutela jakinarazi du udalak, «N-1 errepidea kolapsatuta dagoenean puntualki zabaltzen ahaleginduko dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!