Adunan erabakiko dira txapeldunak

Ataria 2024ko azaroaren 19a

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitu arrakastatsuaren azken irabazleak nortzuk izango diren hilaren 23an jakingo da, Adunan. Bost proba jokatu dira aurrez, eta azken probaren faltan, sailkapen nagusia gori-gori dago.

Gauzak horrela, larunbateko probak bi interesgune izango ditu: alde batetik, Adunako probaren irabazleak nortzuk izango diren jakitea, eta bestetik, sailkapen orokorra nortzuk eramango duten zehaztea. 


Gizonezkoen kasuan, lehia bizia espero da Josu Urrestarazu idiazabaldarraren eta Amasako Eneko Gurrutxagaren artean. Goierritarrak, probarik irabazi gabe, sekulako erregulartasuna erakutsi du orain arte eta 11 puntutako aldea ateratzen dio etxeko proba irabazi zuen kirolariari. Biek parte hartu duten probetan amasarra beti aurretik izan da, baina Durangon parte hartu ez izana garesti ordain lezake, han 90 puntu kendu baitzizkion goierritarrak.


Emakumezkoetan, Nekane Pradera gasteiztarrak bideratuagoa du azken garaipena, 60 puntuko aldea ateratzen baitio Ibarrako azken proban atzetik izan zuen Ainhoa Marquinezi. Arabarrak orain arte erakutsitako mailarekin, zaila dirudi pilatutako alde horri ihes egiten uzteak, baina ez du deskuidatzerik izango.


Hori guztia, larunbatean 15:00etan lehiatuko den Adunako VI. Mendi Duatloirako antolatzaileek atondutako ibilbide ederrean erabakiko da. Ia 20 kilometrotako zirkuitua hiru zatitan banatua egongo da: korrika egin beharreko 3,4 kilometroko lehen sektore bat –zirkuituari bi itzuli–, bizikletan egin beharreko 14,5 kilometroko bigarren bat, eta helmugara korrikako zirkuituari azken itzuli bat emanda helduko dira.


Banakako eta binakako lasterketak egongo dira. Izena emateko aukera mendiduatloia.eus edo kirolprobak.com webguneetan dago. Parte hartzaileek 14:00etan jasoko dituzte dortsalak eta antolatzaileek prestatutako opari poltsak. Probaren amaieran, ohiko sari banaketaren ostean, herritarrek eskainitako produktu eta afarien zozketak izango dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!