Alboka izango da protagonista, Adunan, hilaren 18an eta bereziki 19an, bertan egingo baita Gipuzkoako III. Alboka Topaketa. Albokazale Bilgunea Kultur Elkarteak eta Adunako Udalak antolatuta, hilaren 19rako egun osoko egitaraua osatu dute, eta bezperan Juan Mari Beltran eta bere taldearen kontzertua izango da.
Urtetan Hernanin ospatu izan da albokaren inguruko topaketa; berriki Albokazale Bilgunea hasi da ardura hori hartzen, eta Hernaniz aparte Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ospatzen. Orain bi urte Errenterian egin zen lehenengoa, eta iaz Hernanik hartu zuen berriro; aurten hirugarrena izango da, eta Adunan egitea ez dela kasualitatea esan du Iñaki Aristeta albokari adunarrak: «Gipuzkoan ez daude albokari asko eta Adunan bi bagaude, eta guri galdetu zitzaigun Albokazale Bilgunetik eta Errenteriako Herri Arte Musika Eskolatik ea non egingo ote zen hurrengoa, eta segituan heldu genion hariari». Adunan egitea egoki ikusten zutela gaineratu du: «Orain arte bi herri handitan egin da topaketa; alboka artzainen instrumentua izan da, jende gutxik jotzen du eta galzorian dagoela esan daiteke. Mendi kutsua edo landa ingurunearekin lotura duen instrumentua da, eta ikusi genuen gaur egungo albokariei herri txikietan aritzea errazagoa egiten zaiela eta horregatik erabaki genuen Adunan antolatzea».
Iñaki Aristeta eta David Izagirre albokari adunarrak herriko udalera joan ziren proposamenarekin, eta Kristina Rodriguez alkateak azaldu duenez, «ez genuen inongo zalantzarik egin topaketa herrian egiteko. Instrumentu gutxitu bat da, eta indarra ematen laguntzeko asmoz baiezkoa esan genuen, gainera, hirugarren topaketa Adunan egitea guretzako ohore bat da. Herrian bi albokari izanik, oraindik eta arrazoi handiagoarekin». Alboka eta topaketa hitzak herri txiki batekin oso ondo ezkontzen direla gaineratu du Rodriguezek. «Horrek jendea ekartzen du herrira. Alboka Topaketa herritik sortutako egitasmo bat da, herritarrek osatutakoa eta beraiek dira musikariak. Ezerezetik elkartzen hasi, alboka ikasi eta harago eramaten duen jendea dago eta hori oso ona da Adunarentzako eta musikarentzako».
Gipuzkoako topaketan 60 lagun inguru elkartu ohi dira, eta kopuru horren inguruan espero dute elkartzea topaketan egingo den kalejiran. «Ez da aukera asko izaten alboka entzuteko, eta topaketa aukera polita da horretarako», esan du Aristetak. Kalejiran parte hartzeko ere beste instrumentuak ere posible direla dio Izagirrek: «Perkusiozkoak izan daitezke, edo trikitia, biolina edo gitarra. Beste instrumentu batzuk etortzen dira albokari laguntzera topaketa hauetan». Gaur egun lau musika eskola daude alboka erakusten dutenak: Hernani, Errenteria, Oiartzun eta Usurbil. Loatzo Musika Eskolaren komunitatean sartuta dago Aduna. Rodriguezek gaineratu duenez, «Loatzoren bitartez jende asko mugitzen da, eskualdean alboka ez da entzuten gehiegi, eta herrian albokaren topaketa eginik, inguruko jendeak izango du interesa parte hartzeko eta alboka entzuteko. Hainbeste albokari batera ez ditugu askotan entzungo eskualde honetan, momentuz behintzat».
Gipuzkoarren artean ezagutzeko aukera eskaintzen du topaketak, baina beste leku batzuetatik ere etortzen direla azaldu du Aristetak: «Polita izaten da topaketa, elkar ezagutzen garelako, eta bakoitza zer proiektutan sartuta dagoen azaltzen du, abestiren bat sortu duen edo sortzen ari den. Sormena elkar trukatzeko aukera izaten da egunean zehar». Euskal Herri mailan ere egiten da alboka topaketa. Iaz Aramaion egin zen eta aurten Nafarroan tokatzen da. Albokari, pandero jotzaile eta jira horretako topagune nagusia izaten da eta hor berrehundik gora musikari inguru elkartzen dira. Beste topaketa batzuk ere egiten dira, tartean Bilboko Aste Nagusikoa.
Topaketak, instrumentuari bultzada emateko
«Klasetan ikasten duzuna gero kalean jotzeko aukera ematen dizute horrelako topaketek», esan du Izagirrek. Orain dela sei urte hasi zen ikasten eta oraindik gogoan du zer zen kalean jotzea: «Horrela ikasten da, klasean zein kalean. Kalean oinez zoaz, aldapa badago aldapan, edota eskaileretan, atrilik gabe, dena buruz... Ikasle batzuk lehenengoz joko dute kalean, eta ahal dutena egingo dute. Azkenean, jotzen hobetzen da». Albokak beti atentzioa sortu izan dio Izagirreri. «Iñakiri esan nion gustura ikasiko nuela. Berak ikasita zuen, eta esan zidan irakaslea ezagutzen zuela. Aurrera egin nuen eta ez naiz damutzen. Alboka asko ikasi dut eta asko dut ikasteko, eta asko eman dit. Asko gustatzen zait, giro jatorra dugu gure artean». Klaseak bukatu zituen, eta egun Errenteriako Herri Arte Musika Eskolan elkartzen da alboka taldean. «Aukera asko izan ditugu kalean jotzeko, baita kontzertuetan ere».
David Izagirre: «Klasetan ikasten duzuna gero kalean jotzeko aukera ematen dizute horrelako topaketek»
Aristeta bikoteari esker hasi zen albokarekin. «Beti gustatu izan zaizkit euskal instrumentuak eta euskal musika, eta bikoteak oparitu zidan alboka. 25 urte inguru izan zen hori, eta Hernanira joan nintzen Juan Mari Beltranekin ikastera. Albokari esker erretzeari utzi nion, beraz, bikoteari eskertu beharra nago erretzeari uztea ere. Erretzeak asko oztopatzen zidan arnasketa zirkularra modu egokian egitea, eta utzi egin nuen». Urtetan jotzen egon ondoren, momentu bat iritsi zen utzi egin zuela, eta gero Izagirreren interesa iritsi zen. «Berari lagundu nion Haritz Ezeiza irakaslearengana, eta hark esan zidan laguntzera bakarrik ez, ni ere berriro jotzen hasteko, eta horrela bueltatu nintzen albokara».
Kristina Rodriguez: «[Albokariei] Barruan sentitzen duzue alboka, horretan sinisten duzuelako eta maite duzuelako»
Adunakoa bezalako topaketek albokari lagundu egiten diotela nabarmendu du Rodriguezek, eta herriko albokarientzat ere izan ditu hitzak: «Zuei ere eskertu behar zaizue topaketa egitearena, bai Adunan eta beste herrietan ere. Topaketak lan handia du eta elkartean zaudetenak ari zarete horretan lanean. Barruan sentitzen duzue alboka, horretan sinisten duzuelako eta maite duzuelako, eta herri ezberdinetako albokariak elkartuz instrumentua bultzatzen ari zarete». Aristetak gaineratu du «nazio kontzientzia» bat ere badagoela: «Albokak euskaldun egiten gaitu, euskal txapelak egiten gaituen bezala. Norbaitek alboka entzutean, Euskal Herriarekin identifikatzen du, doinu berezia duelako. Euskal Herriarekin lotzen den instrumentu bat da».
Iñaki Aristeta: «Norbaitek alboka entzutean, Euskal Herriarekin identifikatzen du, soinu berezia duelako»
Festa parte hartzailea
Topaketaren egitaraua Juan Mari Beltranen eta bere taldearen kontzertuarekin hasiko da, urriaren 18an, ostiralean. Adunako elizan izango da emanaldia, eta Aristetak azaldu duenez, «albokari egin dion ekarpena eskertu nahi dugu. Bere errepertorioa eta abestiak eskainiko ditu». Herri Arte Musika Eskolako alboka taldeko hainbat kidek ere parte hartuko dute, baita Jon Ander Belamendia txistulari adunarrak eta Hernaniko Herri Musika Elkarteko txistulariek ere.
Urriaren 19an, larunbatean, egun osoan izango da musika Adunan. Harreraren ondoren, kalejira egingo dute parte hartu nahi duten musikari guztiekin. Uztartzatik Aburuza sagardotegira joango dira, eta han geldialdia egingo dute zerbait jan eta edateko. Handik Zabala sagardotegira joango dira, hor ere geldialditxo bat egiteko. Kalejira plazan bukatuko da, bertan ekitaldiarekin hasteko.
Ekitaldia mikrofono irekiarekin izaten da. Lehenengo Loatzo Musika Eskolako pandero taldeak bi abesti joko ditu eta Herri Arte Musika Eskolako albokariek lau abesti joko dituzte, eta hor Loatzo Musika Eskolako beste tresna batzuk sartuko dira. «Esperimentu txiki bat izango da, eta Loatzoko ikasleentzako ere interesgarria izango da, albokarekin batera joko dutelako. Ikasleak ez daude ohituta albokarekin aritzera, eta horri esker lortuko da harreman hori sortzea», esan du Aristetak. Oiartzungo alboka taldeak ere abestiak eskainiko ditu, eta hortik aurrera, mikrofono irekia denez, ezustekoak izan daitezke.
Ekitaldian zehar Osses luthierrak bere postua izango du. «Esan daiteke egun alboka egile profesional bakarra dela», esan du Aristetak. «Urte pila bat daramatza albokak egiten eta gaur egun gehientsuenok Ossesek egindako albokak ditugu». Topaketan, beraz, alboka bat gertutik ikusteko aukera izango da, probatu eta erosteko ere. Eta beste postu bat ere izango da, adibidez azkenaldian sortu diren eta albokarekin lotura duten diskoak saltzeko.
Herri bazkariaren txanda izango da ondoren, frontoian. «Herritarrek prestatutakoa izango da. Festa parte hartzailea izatea nahi genuen, bai musikaren aldetik eta baita bestelako zereginetan ere», esan du Aristetak. Bazkaldu eta gero inprobisaziorako tartea izaten da, nahi duenak bere piezak joz. «Bat hasten da jotzen, eta besteak saiatzen dira berari jarraitzen, eta perkusio jotzaileak ere tartean sartzen dira», dio Izagirrek. «Oso giro berezia sortzen da». Bazkariaren ondoren, alboka bat zozkatuko da; ekitaldian zehar eta bazkarian txartelak erosi ahalko dira. Topaketari amaiera emango diote Zabala sagardotegian egingo den afariarekin. «Topaketarentzako zabalduko dute sagardotegia, eta, beraz, hor ere musikak eta giro onak jarraipena izango du», azaldu du Aristetak.
Herri bazkarira joateko (10 euro musikarientzat, 5 euro gaztetxoentzat eta 15 euro gainontzekoentzat) zein sagardotegian egingo den afarira joateko txartelak (45 euro sagardotegi menua) urriaren 15a baino lehen erreserbatu behar dira albokazalebilgunea@gmail.com helbidera idatziz edo Adunako Uztartza aterpetxean izena emanez.
Horrelako festek Aduna ezagutarazteko balio dutela dio Aristetak, baina baita ere instrumentu bera bultzatzeko: «Hau da, hemengo kultura bultzatzeko, eta aurrera begira ez galtzeko. Hau da kultura bultzatzea, hau ez da gastu bat, hau inbertsio bat da. Denon artean egin behar dugu gurea denak jarrai dezan».
Albokari buruz lau zertzelada
Alboka hitza arabiarretik dator, al-bûq hitzetik, hau da, «adarra» edo «tronpa». Garai batean artzain bakoitzak egiten zuen bere alboka. Beraz, bakoitzak bere soinu berezia zuen, eta jakin zezaketen zein ari zen alboka jotzen soinuarengatik. Ez zeuden bi alboka soinu bera zutenik. «Hori aldatu egiten da, eta orain taldean alboka jo daiteke, parean afinatuta daudelako. Lehen ezinezkoa zen», esan du Iñaki Aristeta albokari adunarrak.
Alboka tradizionala La notan afinatuta dago, baina Osses luthierrak sortu ditu beste nota batzuetan afinatuta daudenak. «Berez albokak eskala osorik ez du ematen, eta Sol nota probokatu egin behar da», jakinarazi du Aristetak. Arnas borobila eginez jotzen da instrumentua, hau da, albokak denbora guztian soinua egiten du, musikaria uneoro putz egiten ari delako, aldi berean sudurretik arnasa hartuz.
EGITARAUA
Urriak 18, ostirala
19:00. Juan Mari Beltran Lagun artean kontzertua elizan.
Urriak 19, larunbata
11:00. Harrera-ongietorria parte hartzaileei.
11:30. Kalejira herrian zehar, sagardotegietan, Uztartza aterpetxean tragoxka-hamaiketakoa.
13:30. Ekitaldia herriko plazan.
14:30. Herri bazkaria frontoian.
Bazkari ondorenean. Alboka, pandero eta beste tresnen emanaldi irekiak; alboka baten zozketa eta denetariko musika eta bestelakoak.
20:30. Afaria sagardotegian.