Elkarrizketa

«Ez nuen espero hainbeste jende etorriko zenik omenaldira»

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 17a, 07:59

Mundu mailan domina bat lortzea ez da egunero erdiesten den saria; omenaldia egin diote Izaro Etxarriri herrian, eta asko eskertu du bertan jaso duen berotasuna.

Bere kirol ibilbideko lorpen handiena erdietsi zuen Izaro Etxarri txirrindulariak (Aduna, 2007) abuztu bukaeran, Txinan jokatutako junior mailako pistako Munduko Txapelketan txapeldunorde izan baitzen puntuazio proban. Munduko Txapelketan horretan izan zen Eñaut Urkaregi larrauldarrarekin batera omenaldia jaso zuen Etxarrik bere herrian, Adunako Udalak zein Andoaingo Txirrindulari Eskolak eta Danena Kirol Taldeak eskainia.

Munduko txapeldunorde izan zarela pentsatzean, zer sentitzen duzu?

Poza etortzen zait; momentuaz gogoratzen naiz, eta oroitzapen polita da.

Nola izan zen proba bera?

Proba azkarra izan zen, Espainiako txapelketetan izaten ez den bezala. Espainiakoetan karrera geratzen joaten da, gero bizkortu eta horrela. Munduko Txapelketakoan hasieran ez nintzen esprintetan sartu; guztira zortzi esprint ziren, hamar itzuli osatzen ziren bakoitzean, eta pentsatu nuen hasieran ez nintzela sartuko, bestela berotu egiten zara eta gero lehertu. Gero hasi nintzen esprintetan sartzen, eta une batean hustu egin nintzen, baina gero osatu ahal izan nintzen, eta azkeneko esprintean oso ondo egin nuen, bigarren-edo sartuz. Azkeneko esprintak puntu gehiago ematen dituenez, horrek lagundu zidan azken emaitzarako.

Eta proban zehar zenbateraino zenekien zer postutan zeunden?

Pantaila handi bat egoten da bakoitza lortzen ari den puntuekin. Berez zaila da proban zaudela begiratzea, baina nik momentu batean begiratu nuen, eta bost puntutara-edo nengoela ikusi nuen, baina gutxi ikusten da.

Noiz jakin zenuen bigarren postuan geratu zinela?

Proba bukatzean, itzuli batzuk egiten dituzu bizikleta geratzen joateko, eta ni oso haserre jartzen hasi nintzen, pentsatu nuelako laugarren geratu nintzela, podiumetik puntu gutxira. Gelditu nintzenean, jendea besarkadak ematen hasi zitzaidan, eta gustura nengoen karrera ona egin nuelako, baina uste nuen ez nintzela podiumean sartu. Esan zidatenean bigarren egin nuela, sekulako poza hartu nuen.

Gainera, urrezko dominatik puntu bakarrera geratu zinen.

Lehenengo bi egunak pixka bat haserre eta dena pasa nituen. Gustura nengoen, baina barruan banuen gehiago nahi izate hori.

Omenaldia izan zenuen aurreko astean herrian. Nola bizitu zenuen?

Oso polita izan zen. Ez nuen espero hainbeste jende etorriko zenik eta hainbesteko oihartzuna emango zitzaionik. Oso polita izan zen, eta eskertzen da horrelako omenaldia jasotzea.

Munduko Txapelketan taldekako jazarpen proban parte hartu zenuen. Seigarren postua lortu zenuten, eta Espainiako marka hobetzea.

Bi aldiz egiten da jazarpen proba, eta lehenengoan atera ginenean, oso azkar hasi ginen. Belodromoa bera oso azkarra zen, eta zuk duzun sentsazioa da oso azkar zoazela eta gero eta gehiago nahi duzu. Oso azkar hasi ginen egiten itzuli guztiak eta gero hori nabaritu egiten da azken partean. Beraz, ez genuen oso ondo egin, eta errekorra egin arren, entrenatzaileak errieta egin zigun. Bigarren egunean, agian hankak ez genituen hain onak, baina bai egon ginen gure denborak egiten, eta hobeto atera zen. Bigarrengoan ere uste dut errekorra egin genuela berriz. Seigarren postuarekin nahiko gustura geratu ginen.

Munduko Txapelketatik zilarrezko domina batekin itzuliko zinela esan izan balizute, zer pentsatuko zenuen?

Egia esanda, ez dakit sinistuko nuen, baina ez nuke guztiz baztertuko ere. Erdi amets bezala ikusiko nuen.

Horrelako lorpen batek atzetik sekulako lana izango du, ezta?

Bai, bai. Gehienbat selekzioarekin hiru bat egonaldi egiten aritu ginen, erabat lanean. Nire kabuz ere ibili izan naiz. Errepidea bateragarria da pistarekin. Normalean, junior mailan pistan ondo aritzen dena errepidean ere ondo aritzen da.

Nolako izan da orokorrean denboraldia?

Bukaera ona izan du, baina zail samarra izan da. Pistako denboraldian, neguan, Espainiako Kopa lehiatzen ari nintzela, fisura bat izan nuen belaunean, eta hilabete geldirik egon nintzen, eta gero kosta egin zitzaidan berriro martxa hartzea. Espainiakoetara ondo iritsi nintzen, baina prestaketa erlojuaren kontra aritzea bezala izan zen, denbora askorik gabe. Errepidean nahiko ondo ibili nintzen, eta aukera izan nuen nazioarteko proba batzuetan aritzeko. Baina errepideko Espainiako Txapelketak iristen ari zirela, pneumonia bat izan nuen eta berriz ere geldirik egon behar izan nuen. Gorputzari buelta ematea dezente kostatu zitzaidan. Berriz ere denbora gutxirekin entrenatzen aritu nintzen. Pistako Europako Txapelketan ondo aritu nintzen, baina ez nituen normalean izaten nituen hankak. Munduko Txapelketarako bai nabaritu nuela askoz hobeto nindoala, askoz indar gehiagorekin, eta gorputzari buelta emanda. Beraz, denboraldi nahiko gorabeheratsua izan da.

Zer beste emaitza aipagarri lortu dituzu?

Pistan Espainiako Kopa irabazi nuen, eta Espainiako Txapelketan laugarren egin nuen bakarkako jazarpenean eta seigarren omniumean. Itoginak izan ziren, eta proba batzuk ez ziren jokatu, puntuazioa adibidez; beraz, ez nintzen hain gustura geratu. Errepidean bi proba irabazi nituen, horietako bat elitekoekin batera lehiatuz. Nazioarteko probetan lehiatzea polita izan da, baina baita gogorra ere.

Denboraldi berria hastera doa. Helbururen bat jarri duzue?

Oraingoz ez dugu ezer planifikatu. Orain atseden hartzen ari naiz, eta laster hasiko gara bizikletarekin. Entrenatzailearekin batera joango gara helburuak finkatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!