Adunako jaiak 2024

Maratoiko jai luzeenen atarian

Endika Apalategi Labayen 2024ko abu. 1a, 07:59

Abuztuaren 3tik 15era, zazpi egunetan, mota guztietako ekitaldiak izango dituen Ama Birjin jaiak ospatuko dituzte Adunan. Aurten, kuadrilla eguna, abuztuaren 13an izango da.

 

Honezkero, festen atarian, kukurruku hotsak entzuten hasiak dira Adunako kaleetan barrena. Ama Birjin jaiak ate joka dira, eta aurten ere, ekitaldi ezberdinez osaturiko egitarau zabala antolatu dute. Pasa den urteko jaiak luzeak izan baziren, aurtengoak are luzeago joango dira; izan ere, abuztuaren 3tik 15era, zazpi egun luzez egongo baitira festetan.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, IV. Caldereria Aburuza Pilota txapelketarekin emango diete hasiera Adunako festei, abuztuaren 3an. Abuztuaren 4an, igandean, txekor jate eguna izango da. Txekorra bazkaldu eta afaltzeko aukera izateaz gain, sagardo dastaketaz gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Bost eguneko atsedenaren ostean, abuztuaren 10ean, oilasko biltzaileen, umeen eta 60 urtetik gorako helduen eguna izango da. 13:00etan jaurtiko dute festei hasiera emango dien txupinazoa, eta eguneko ekitaldirik garrantzitsuenak oilasko jokoak eta Joxe Mendizabal musikariak alaitutako umeen eta 60 urtetik gorakoen bazkaria izango dira. Hurrengo eguna, kuadrilla egunaren txanda izango da. Herriko kuadrilla guztien bazkaria egingo da herriko plazan, eta egun guztian zehar, Kalean Txaranga taldea arduratuko da jaiei giroa jartzeaz. Gauean, «urte zahar kotilioia» gai izango duen mozorro dantzaldia egingo da eta DJ Naza izango da musikari lanetan.

Egun bateko atsedenaren ondoren, jaien azken txanpari ekingo diote. Abuztuaren 13an, gazte jolasak eta Trikidantz taldearekin dantzaldia egiteko aukera egongo da. Ama Birjin bezperan, pintxo afaria eta Zabala eta Aburuza sagardo barrikotea egingo dute, 20: 30ean. Gauean, Burrunba elektrotxarangaren txanda izango da.

Jaietako azken eguna, Ama Birjin eguna izango da. Txistularien dianarekin ekingo diote goizari, eta umeen eta Axeri dantza saioak ikusteko aukera izango dute herritarrek. Arratsaldean, Joanes Illarregi, Iker Zubeldia, Aitor Mendiluze, Maider Arregi eta Oihana Iguaran bertsolarien txanda izango da. Gauean, zezen suzkoaren ondoren, Azkena Gora! Agur Kukurruku! kantatuko dute festei amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!