AEK-k eta Korrikak jasoko dute Ibilbideari Elkar saria

Ataria 2024ko maiatzaren 9a

Maiatzaren 23an, Adunako Elkarren egoitzan 18:00etatik aurrera egingo dute sari banaketa ekitaldia; Joseba Jaka beka eskuratu duen Josu Goikoetxeak ere jasoko du saria ekitaldi berean.

Elkar fundazioak erabaki du 2024ko Ibilbideari Elkar saria AEK-Korrikari ematea. AEK erakundea eta Korrika ekimena sarituko dira aldi berean. Fundazioak euskararen normalizaziorako eremu guztietan AEK-k egiten duen lana aitortu du, «ezagutzan, erabileran eta sustapenean».

Aldi berean, AEK-k antolatzen duen Korrikari ere egin nahi izan dio aitortza Elkar fundazioak. «Era guztietako (askotariko) jendea elkarrekin ari da korrika eta lekukoa eskuz esku pasatzen doa. Irudi horren bidez erakusten da euskaren normalizazioak denon beharra duela, denon artean elkarrengandik hartuz eta elkarri emanez lortuko dugula Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea», esan dute Elkar fundaziotik. 

Orain arteko egindako lana eskertu eta goraipatzeko jasoko du AEK-Korrikak Ibilbideari Elkar saria. Sariak, aldi berean, bide beretik jarraitzeko akuilu izatea ere nahi du fundazioak.

Maiatzaren 23an, 18:00etan, Adunako Elkarren egoitzan egingo den ekitaldian Josu Goikoetxeak, aurtengo Joseba Jaka Bekaren irabazleak eta AEK-k jasoko dituzte sariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!