Elkar estudioa Adunan egongo da hemendik aurrera

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 29a, 18:00
Victor Sanchez soinu teknikaria Adunako estudio berrian

Estudio berria Adunan eraiki da, taldeko enpresak kokatu diren eremuan. Euskal Herriko musikarien eskura jarri nahi du azpiegitura Elkarrek.

Egoitza berria du Elkar estudioak. Adunan kokatu du diskoetxeak grabaketa estudio berria. Mikel Esnal Elkar taldeko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, «kultur eragileentzat garai konplikatuak diren testuinguruan, beste apustu bat egin du Elkarrek euskal kulturaren alde kultur azpiegitura sendo eta moderno bat eraikitzeko». Estudioa egiteko, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntza jaso dute, Nex Generation EU programaren baitako funtsetatik.

Fundazioen helburuen eta egitekoen artean dago «euskal kulturaren garapenak behar dituen azpiegiturak sortu eta Euskal Herriaren eskura jartzea», eta horri erantzunez eraiki dute estudio berria. Adunan elkar taldea kokatuta dagoen eremuan bertan, eraikin nagusitik alde batera geratzen den eraikin autonomo batean eraiki dute grabaketa estudioa. «Aparteko egitura izateak estudioan behar dituen ezaugarrietarako bidea ematen du, batez ere intsonorizazioari dagokionez», aipatu du Andres Camio Jitu Elkarreko musika arduradunak.

Harrera gela zabala, 50 metro koadroko kontrol gela eta bi grabazio gela independente ditu estudioak, orotara 250 metro koadro. Camiok zehaztu du musika grabaketa eta ikus-entzunezko zein multimedia ekoizpenetako beharretara egokitutako azpiegitura dela: «Grabaketa zerbitzua eskaintzen dugu, izan analogikoan edo digitalean, edizio eta nahasketa zerbitzua, masterizazioa, audio lokuzioak, ahots grabazioak eta audioen berreskuratze eta zaharberritzea ere egin dezakegu hemen».

Hasieran grabaketarako erabiltzen ziren sistema analogikoak aldatzen joan dira denbora aurrera egin ahala eta Elkar estudioa ere teknologia berritzen eta egokitzen joan da. Gaur egungo estudioak, Adunan kokatu denak, baliatzen ditu hasiera bateko teknologia analogikoak eta azken orduko sistema informatikoa. Camiok azpimarra egin du Dolby Atmos sisteman: «Gaur egungo Stereo eta 5.0 sistemekin bateragarria izango da sistema berri hau ere. Orain arte zinemarako baino ez zen erabiltzen eta Adunako estudioa da Euskal Autonomi Erkidegoan musika ekoizpenetarako teknologia hau emateko gai den bakarra». Musika banaketako plataforma digitalek geroz eta gehiago eskatzen duten formatua eskaintzeko gai izango da, beraz, Adunan kokatutako estudioa.

Ibilbide luzearen jarraipena

Camiok urteotan Elkar estudioetan soinu teknikari bezala ibilitakoak gogoan hartu ditu. 1983an lehen estudioa Lasarten zabaldu zutenean Jean Phocas ibili zen teknikari, 1992tik aurrera Donostiako Igaran Cesar Ibarretxe gehitu zitzaion eta Elkarreko musika arduradunak beste mugarri garrantzitsu bat aipatu du: «2005ean Victor Sanchez etorri zen Phocasen laguntzaile bezala. Haize freskoa ekarri zigun, mundu analogikoan bizi ginen eta mundu digitala deskubritu zigun, eta horrekin batera, lan egiteko modu berriak». 2012an erretiratu zen Phocas eta ordutik Sanchez da soinu teknikaria. Berak diseinatu du, hain zuzen, Adunako estudioaren audio arkitektura guztia.

Urtebete behar izan dute obra egiteko. Aurreko urteko otsailean erabaki zuten estudioa Adunan kokatzea eta hurrengo hilean hasi ziren lanean. Irailera arte mantendu zuten Donostiako Igara auzoko estudioa eta iraila baliatu zuten aldaketa egiteko. «Zazpi hilabetetan estudio bat egitea errekorra da ia eta oso pozik gaude emaitzarekin», esan du Camiok. Urrian hasi zituzten lehenengo grabazioak Adunan, eta besteak beste, Garik aurki aurkeztuko duen disko berria bertan grabatu dute.

Elkar estudioaren inaugurazioarekin batera webgune berria ere aurkeztu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!