Sagardo lupuluduna aurkeztu du Zabala sagardotegiak

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 24a, 16:00

Bertako lupuluarekin egiten den lehen sagardoa da Adunakoa. Aleo Vitro enpresa bioteknologikoaren laguntzaz egin dute lanketa R. Zabalako sagardogileek.

Adunako R. Zabala sagardotegiak %100 bertako sagarrarekin egindako sagardoa ekoizten du eta gaur produktu  berria aurkeztu du jendaurrean: sagardo lupuluduna. Lehen aldia da Euskal Herrian %100 bertako lupulua erabilita sagardoa egin dela.  

Hiru urte luze eman ditu R. Zabala sagardotegiak Aleo Vitro enpresarekin Sagardhopyng: sagardo naturala lupulatzen izeneko proiektua garatzen. Euskadiko Landa Garapeneko Programaren bitartez, Feader nekazaritza eta landa garapenerako Europar funtsak finantzatu du zati batean. Proiektuan parte hartu dute EHUko SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek eta Zallako frutagintza estazio eta upelategi esperimentalaren bitartez Bizkaiko Foru Aldundiak. Gainera, Enba sindikatuak eta Derioko nekazaritza eskolak ere babestu dute egitasmoa.

Proiektu pilotua izan da eta lupulua prestatzeko prozesuan egon da berrikuntza nagusia. Kimikaren eta biologiaren alorrean lan egiten duen Ale Vitro enpresako Antonio Lasok eta Eneko Otxoak. Azaldu dutenez, lupuluak osagai guztiak mantendu ditzan eta sagardoarentzat erabilgarria izan dadin azterketa zehatza egin dute barietate komertzial eta autoktonoekin. "Lupulu prestakinaren industriaurreko eskalagarritasuna zehaztu dugu hainbat formatutan eta osagarri bioteknologikoa kontuan hartu".

Garagartza baserriko lur sailetan sagastien aldamenean landatu dute azkeneko bi urteetan bertako lupulua. Sail horietan barietate komertzialak eta Aduna bertakoak aldatu dira. Landare igokaria da lupulua eta bospasei metro egiten du gora. Iraila aldean jaso, loreak landaretik kendu, eta lore hori bera da erabiltzen dena. "Sagarra garbitu eta prentsatzen den bezala, lupulua ere prozesatu egiten da. Prestatu egiten da gero sagardoari gehitu ahal izateko". Froga asko egin dituztela nabarmendu du Otxoak: "Zabalaren sagardo naturalari lupulu freskoa gehitu diogu aurrena, hori izan da abiapuntua. Gero, lupulu lehorra, izoztua, pelletean... modu askotara erabili dugu". Kupeletan egin dituzte frogak, baita botiletan ere, eta emaitza homogeneizatua eta egonkorra lortu dute. Gustura daude emaitzarekin R. Zabalako sagardogileak.

Gaur aurkeztu dute garagardo IPAren zaporea gogorarazten duen sagardoa. "Hemen gauza berezi bat gertatzen da, KM0-ko produktu bat sortu dute Adunan, bertako sagarrarekin eta bertako lupuluarekin egindako sagardo bat", esan du Otxoak. Urrian Derioko nekazaritza eskolan proiektua aurkeztu ondoren, gaur egin dute R. Zabala sagardotegian aurkezpen ekitaldia. Proiektua babestu duten erakundeetako eta Adunako Udaleko ordezkariak egon dira bertan eta sagardo lupuludun berria probatzeko aukera izan dute.

Lau mila litro inguru ekoitzi dituzte aurten eta sagardo denboraldi berrian probatzera emango dute. "Jendeari gustatu eta eskatzen badu, merkaturatzeko bideak topatuko ditugu", esan du Luis Zabala sagardogileak. "Ekoitzi izan dugu sagardo aparduna eta baita irakinaldia moztutako sagardo gozoa. Uste dut begirada zabaldu eta sagardo mota gehiago eskaini behar dizkiogula bezeroari. Sagardozaleon lana ere bada probatzera ematea eta eskaintza hori egon badagoela jakinaraztea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!