Josu Urrestarazu eta Enara Oronoz izan dira irabazleak Adunan

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 4a, 21:34

V. Adunako Mendi Duatloia izan da gaur jokoan. Gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga amasarra bigarren izan da eta Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan hirugarren postua lortu du.

Guztira 46 parte hartzaile izan dira bakarka eta hemeretzi bikote. Gizonezkoetan lehenengo hirurak Josu Urrestarazu (1.12.05), Eneko Gurrutxaga amasarra (1.13.11) eta Unai Mateos (1.14.24) izan dira, eta emakumezkoetan Enara Oronoz (1.31.42), Nekane Pradera (1.40.09) eta Ainara Pequeño (bere helmuga denbora ez da agertzen Kirolprobak.com webgunean). Lehen herritarra Axier Aburuza izan da, seigarren sailkapen orokorrean, 1.18.46ko denborarekin. Taldeka irabazlea Galarregi-Galdaratz izan da.

Euskal Herriko Mendi Dutaloi Zirkuituko azken proba izan da Adunakoa, eta beraz, bertako sailkapena ere gaur erabaki da. Gizonezkoetan Josu Urrestarazu, Unai Mateos eta Eneko Gurrutxaga geratu dira lehen hiru postuetan, eta emakumezkoetan Nekane Pradera, Ainara Pequeño eta Enara Oronoz.

Bestalde, Adunako proban bikotekako podiuma ondorengoek osatu dute: Dani Iparragirre eta Koldo Herrera (1.09.15), Haimar Etxeberria eta Gorka Mitxeo (1.10.59) eta Xabier Agirre eta Julen Balerdi (1.11.37). Herriko lehen bikotea Izaro Etxarri eta Peru Cestau izan dira. 

Eneko Gurrutxarentzat «ondo» joan da Adunako proba: «Espero genuen bezala, lokatz pixka bat bazegoen, eta bizikletan goitik behera pixka bat erabaki da. Matematikoki aukerak nituen zirkuituko sailkapen orokorrean zerbait egiteko, baina fisikoki ez, eta Josu Urrestarazu eta Dani Mateosen artean zegoen kontua: gaur irabazten zuenak zirkuitua eramaten zuen». Mateosek arriskuak hartu ditu, eta erori egin da. «Molestiekin jaitsi da eta nik harrapatu eta pasatzea lortu dut», azaldu du Gurrutxagak. «Josu urruti samar geratu zait, beraz bigarren egin dut eta gustura. Disfrutatu dugu lokatzarekin; ur asko zegoen, eta lokatza ez zen itsasten. Irristatzeko zegoen, eta nik gozatu egin dut umeak bezala». Zirkuituan hirugarren eginda gustura dago Gurrutxaga: «Entrenatu dudanerako gustura nago. Ea datorren urtean gehiago entrenatzeko gai garen, eta horrela nire buruari demostratzeko entrenamendu falta zela eta ez adina».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!