Adunan erabakiko da zirkuitua

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 1a, 11:59

Larunbatean V. Adunako Mendi Duatloia izango da jokoan, Euskal Herriko Zirkuituaren azkena.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izango da jokoan larunbat honetan: V. Adunako Mendi Duatloia. Beraz, bertako probaren irabazleak jakiteaz gain, zirkuituko garaileak zein diren erabakiko da. 15:00etan abiatuko da Adunako proba eta ibilbidea ez du berritasunik izango. Hiru zati izango ditu: korrika 3,4 kilometro egingo dituzte, bizikletaz 14,5 kilometro, eta bukatzeko korrika 1,7 kilometro.

Banaka zein erreleboka binaka egin ahal da proba. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena aurretik, banaka 20 euro ordainduz eta binaka 30 euro. Egunean bertan ere eman daiteke izena, proba hasi baino ordubete lehenago, eta orduan banaka 25 euro eta binaka 40 euro ordainduko da. «Zirkuituan parte hartzen dutenak finkoak izaten dira, eta gero bakarren batek azken unean ere ematen du izena», azaldu du Xabi Tejeria Kirol zinegotziak eta antolakuntzako kideak. «Giro polita izaten da proban zehar, eta jendeari animatzen diogu Adunara etorri eta proba ikustera».

Probaren sari banaketa berau bukatu eta gero egingo da. Zirkuituko sari banaketa, berriz, larunbat gauean egingo da, Aburuza sagardotegian egingo den afariarekin batera. Bertara joateko ez da duatloietako parte hartzailea izan beharrik. Libre da joatea eta nahi duenak eskuragarri ditu txartelak Adunako Uztartza aterpetxean. Nagusientzako txartelak 30 euro balio du eta haurrentzako 15 euro. Bihartik aurrera prezioa bost euro gehitzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!