«Herriko eragileak indartu nahi ditugu»

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 28a, 07:58

Kristina Rodriguez Adunako alkateak esan duenez, Kamioko etxebizitza proiektu berria laster jarriko dute martxan; alkateak gazteak herrian geratu eta herriko dinamikan parte hartzea nahi du.

Ez du desio zuen agintaldi hasiera izan Kristina Rodriguez Mendikutek (Andoain, 1971), joan den astean sagar biltzen ari zen pertsona bat hil baitzen Adunan lan istripuan. "Une latzak" izan zirela aitortu du alkateak eta herriko sagardogileekiko babesa berresteko baliatu du elkarrizketa.

 

Nola baloratzen dituzu udal hauteskundeetan izandako emaitzak? Hautagaitza gehiago aurkeztu arren zuen alde egin zuen herriaren gehiengoak. Zergatik uste duzu horrela gertatu zela?

 

Hautesleriaren %80aren babesarekin lanean jardutea oso gauza positiboa da. Uste dut EH Bilduk Adunan aurreko agintaldietan egin duen lana ondo baloratzen duela jendeak. Gainera, gurea soilik herritarrez osatutako hautagaitza bakarra zen eta hori berme bat da. 

 

Zer moduzko lur hartzea izan duzu udaletxean?

 

Ona. Aurreko udal taldeko bost kidek jarraitzen dute eta bi berriak gara. Aurreko alkateak eta utzi duen zinegotziak informazioa helarazi digute eta gurekin momenturo harremanetan jarraitzen dugu. Behin ere udal arduretan aritu ez den norbaitentzat lagungarri da babes hori. Ardura handiko lana da eta inguruan esperientzia duen jendea edukitzeak asko laguntzen du. Nik konpromiso hau hartu dut, Aduna herri bizia izatea nahi dudalako eta herriarentzat lan egiteko prest nagoelako.

 

Uste duzu oraindik ere gehiago eragin behar dela herri kohesioan?

 

Indar handia jartzen dugu hirigintzan eta industriagunean, beharrezkoa delako, baina ez ditugu alde batera utzi nahi herriko eragileak eta herrian dauden kultur taldeak. Agintaldi honetan indartu nahi ditugu Pandemia dela eta, ahulduta geratu da herri dinamika hori, Adunan bezala beste herri askotan ere. Udaletik argi dugu ezin garela mugatu gauzak antolatzera, herri giroa egon dadin eta Aduna lo leku izatera mugatu ez dadin, berreskuratu nahi dugu herri mugimendua. Gune komun bat sortu nahi genuke, bertatik arlo ezberdinetan eragiteko. Eragile ezberdinak elkartu ditugu dagoeneko eta gazteekin ere hitzordu bat zehaztu dugu batzar baterako. Euskara, kultura eta herrian antolatzen diren ekimenetan denak elkarrekin jardun nahi genuke eta horretarako okasio polita dugu 2024an Adunan ospatuko den Eskola Txikien festa.

 

Gazteentzako zein politika dauzkazue pentsatuta?

 

Adunan gazte dezente dago. Eskolan 60 ume inguru dabiltza LHko seigarren mailara arte. DBHn ere beste hogeiren bat dabiltza. Zerbaitetarako behar baditugu, gainera, prest agertzen dira laguntzeko. 20tik gorako kuadrilla pare bat badago eta hauek ere bizitza Adunan egiten dute. Haiekin elkarlanean aritu nahi dugu, bestela nerabe horiek alde egingo digute beste herrietara. Alde horretatik, Kamio izeneko eremuan etxebizitza proiektu bat dago aurreikusita. 20 etxebizitza izango dira, eta bi izan ezik, gainerako guztiak babestuak izango dira. Izena eman zuten 30 lagun inguruk eta tartean herriko gazte dezente dago. Urriaren 18an egingo da etxebizitzen zozketa eta berehala hasi nahi genituzke lanak, pare bat urtetan amaituta egotea espero dugu. Eremu guztiaren urbanizazioa egingo dugu orain eta eraikiko diren etxebizitzen aldamenean bigarren fase bat garatzeko aukera izango da, 16 etxebizitza jasoko dituena. Proiektu hori epe luzeagora begira sortuko diren beharren arabera jarriko dugu martxan. Dena den, hirigintza plana osatzen ari gara une honetan eta bertan jasoko dira urbanizatzeko modukoak diren beste hainbat lursail. Oraindik ere epe luzeagora, etxeak egiteko aukera emango liguke horrek. Ondo komunikatutako herria da Aduna eta badakigu etxebizitza eskaintza eginez gero dena salduko litzatekeela. Guk herriaren hazkunde jasangarria nahi genuke, herrikoa denak edo herrian bizi den horrek izan dezala aukera hemen bizitzeko. Hori da gure lehentasuna.

 

Azpiegitura gehiagoren falta sumatzen al duzue?

 

Elordi plazan bi lokal egokitu ditugu duela gutxi. Askotariko erabilera ematen zaie eta ikastaroak eta bestelakoak aktibitateak egiten dira bertan, pilatesa, yoga, dantza eta abar. Udaletxe azpialdeko kultur aretoa ez da oso handia eta eliza baliatu izan dugu emanaldi handiagoak egiteko, baino saio guztientzat ez da toki egokia. Baina gainerakoan ez dugu falta handirik sumatzen. Dauden azpiegiturak egoki mantentzen dauzkagu lanik handienak.

 

Besteak beste, Erriberako gune horretan industriagune garrantzitsua du Adunak. Esku-hartzerik aurreikusten al duzue bertan?

 

Bai. Udalari ekarpen ekonomikoa suposatzen dio industriaguneak, baina ingurune horren mantenuak ere ahalegina eskatzen digu. Momentu honetan Irizarreko biribilgunera bitarteko GI-3610 errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da eta hortik aurrerakoa, Villabonako zubira bitartekoa, Adunako Udalarena. Garai batean errepide zati horretan zegoen mugimendua oso txikia zen, baina gaur egun trafiko astuna pasatzen da bertatik eta zorua erraz izorratzen da. Gastuak eta arazoak maiz izaten ditugu. Adostu dugu errepide hori aldundiaren esku uztea, baina handik eskatu digute baldintza egokitan uztea bidea, zabalera handituz eta bestelako lan batzuk eginez. Datorren urtean hasi nahi genituzke lanak eta lehenbailehen bukatu. Inbertsio handia eskatuko dio udalari baina iruditzen zaigu egin beharreko lana dela. Udala, zorionez, egoera ekonomiko onean dago eta aurre egin diezaiokegu obrari. Orain arte egin den kudeaketa zuzena izan da eta behar den horretan gastatu izan da. Gu ere horretan saiatuko gara.

 

Garraio publikoa ere egokia al da herrian?

 

Oro har bai. Badakigu herri txikia dela gurea eta ezin direla ibili autobusak maiztasun handiarekin. Dena den, herriko gazte batzuk Tolosara joan behar izaten dute Orixera edo Laskorainera ikastera. Autobusean jaisten dira Villabonara eta han beste autobus bat hartu behar izaten dute Tolosara joateko. Gertatzen dena da autobus hori Asteasutik etortzen dela eta askotan beteta etorri eta gure gazteak kanpoan geratzen direla. Orduan, nola hala moldatu behar izaten dute, Andoaindik datorren autobusa hartu eta eskolara berandu iritsi izan dira. Saiatu gara Lurraldebusekin harremanetan jartzen eta soluzio bat bilatzen. Oraindik ez digute irtenbiderik eman, baina guk borroka egingo dugu ea hori konpontzen dugun. Agian, errefortzu batekin konpondu daiteke arazoa. Hemendik 12 bat gaztetxo joaten dira, ez da kopuru makala, ez da pertsona bat geratzen dela zintzilik. Konponbide bat eman behar zaio egoerari.

 

Gazteak aipatu dituzu lehenago, beste adin sektoreekin egitasmo berezirik ba al duzue?

 

Orain arte ez dugu behar berezirik sumatu, baina egia da herria zahartzen ari dela. Jakin nahi dugu zein adinetako jende dagoen eta zein egoeratan bizi diren: bakarrik bizi ote diren, etxekoekin moldatzen ari ote diren, zenbat zaintzaile dauden herrian. Ez dakigu ezer. Pandemiarekin helduen irteerak eta horrelako ekimenak eten egin ziren eta berreskuratu nahi genituzke. Zaintzaren arloan azterketa bat egin eta helduekin beraiekin hitz egin nahi genuke zer egin ote dezakegun herrian ere parte har dezaten. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko kide gara eta astean behin etortzen da gizarte laguntzailea. Eskaintza hori egin beharrekoa da, laguntza garrantzitsuak kudeatzen dira zerbitzu horren bitartez, baina hortik harago, herri bezala beste zerbait egin daitekeela uste dugu.

 

Feminismoaren arloan baduzue asmorik?

 

Zazpi zinegotzietatik bost emakumeak gara, eta pozgarria da, geure ikuspegia ere hor egotea garrantzitsua baita. Tolosaldeko Emakume Etxearen parte gara eta handik bideratutako ekimenen berri emango dugu herrian. Bide batez, beste gune bat eratu nahi genuke herrian. Orain badago taldetxo bat tarteka bildu eta ekimenak antolatzen dituena, baina txoko bat sortzeko ideia dabilkigu buruan. Saretxo bat sortzearena ez legoke gaizki.

 

Udal taldean aipatu duzue euskara dela zuen beste ardatzetako bat.

 

Nortasuna ez galtzea garrantzitsua da guretzat. Indarra jarri nahi nuke euskararen gaian. Adunara kanpotik bizitzera jende asko etorri da, eta ez daukat ezer kontra, baina azken urteetan plazan gaztelania entzuten hasi gara, umeak gaztelaniaz entzuten ditugu eta horrek kezka sortzen digu. Etorkizunean Adunan euskaraz bizi nahi badugu lan pixka bat badugu egiteko. Ez dugu jarrera txarrik sumatzen, ez dakienak ere lehen agurrak eta saiakerak egiten ditu euskaraz aritzeko, baina ez da nahikoa. Horretan nolabait eragin beharra dago, jende asko kezkatuta baitago.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!