Elkarretaratzea egingo dute Adunan lan istripua salatzeko

Ataria 2023ko ira. 20a, 16:31

Ostiralean, 12:00etan Adunako plazan mobilizazioa egingo dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta.

Goiburu auzoko sagasti batean lan istripua gertatu zen atzo. Atoidun traktoreak, atzerantz labaindu, eta zuhaitz baten kontra talka egin zuen, langilea bertan harrapatuz. 35 urteko emakumezkoa hil zen ezbeharraren ondorioz. Suhiltzaileak, ertzainak eta osasun-langileak bertaratu zirenerako hilda zegoen langilea. LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek mobilizazioa deitu dute ostiralean Adunako plazan, 12:00etan. Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! goiburupean egingo da elkarretaratzea.

 

Kristina Rodriguez Adunako alkatearen esanetan ezbeharrak “samin handia” sortu du herrian. Sagardogintzak garrantzi handia du herrian eta udaletik sagardogileei babes osoa emango dietela esan du alkateak. Atzo bertan, istripua gertatu zen tokira gerturatu ziren udal ordezkariak eta sagardogileei adierazi zieten udaleko baliabideak euren eskura jarriko dituztela egoera honen aurrean. “Badakigu gauzak behar bezala eginda zeudela”, esan du alkateak. Ezbeharra izan zuenean, hildako langilea sagar biltzen ari zen, malda piko batean. Rodriguezek aipatu duenez, lehen eguna zuten sagardogileek sagarrak biltzen eta langintza horretan ari zen emakumezkoa.

 

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du ezbeharra nola gertatu zen argitzeko, eta Adunako alkateak esan duenez, laguntza osoa eskainiko du udalak ikerketan.

 

Elkarretaratzea ostiralean

 

Lan istripua salatzeko mobilizazioa deitu dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek ostiralerako Adunan. Herriko plazan egingo dute elkarretaratzea 12:00etan Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! lelopean. LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera, 2023an 38 izan dira lan istripuetan hildako langileak. Adunakoarekin batera, atzo bertan, lan saiotik etxera bueltan in itinere istripua izan zuen Haurreskolak Partzuergoko langile batek.

 

Sindikatu abertzaleak Adunako lan istripuari dagokionez salatu du, lehen sektoreko sasoi bilketa lanetan diharduten langileek ez dutela lan osasuneko bermerik izaten: "Ez patronalak ez administrazioak ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen, eta gabezia hauen emaitzak eragiten dituzte istripuak". Osalani eta lan ikuskaritzari LABek eskatu dio plangintza espezifikoa egin dezan langile kolektibo hau artatzeko. "Aldikako lan hauetan ingurunea, makineria eta batzuetan prozesua bera ez ezagutzeak arriskuak biderkatzen ditu. Hala, formakuntza eskura jartzen zaien makineriaren kontrola egingo litzateke, beste prebentzio neurrien artean, beti ere patronalaren kontura".

 

LAB sindikatuak azkeneko 24 ordutan izandako bi lan heriotzak salatu eta langileen familiakoei, lagunei eta lankideei elkartasuna adierazi die.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!