Musikaz, kirolez, ikuskizunez, janaz edota edanaz gozatzeko aukera izango dute adunarrek aurtengo Ama Birjin jaietan. Aurtengo jaiak, inoizko luzeenak izango dira; izan ere, abuztuaren 5etik 15era, zazpi egun luzez egongo baitira festetan.
II. Caldereria Aburuza Pilota txapelketarekin emango diete hasiera Adunako festei abuztuaren 5ean. Abuztuaren 6an, igandean, txekor jate eguna izango da. Trikidantz taldeak lagunduta, txekorra bazkaldu eta afaltzeko aukera izango dute herritarrek.
Lau eguneko atsedenaren ostean, abuztuaren 11n, Ama Birjin jaiei jarraipena emango diete Izer eta Alabierren erromeriarekin. Abuztuaren 12an oilasko biltzaileen, umeen eta 60 urtetik gorako helduen eguna izango da, eta denen gusturako ekitaldiak egongo dira. Oilasko jokoak eta V. Urrezko Oilaskoa izango dira ekitaldirik garrantzitsuenak. Urteroko tradizioa da oilasko biltzearena, eta goizean goiz, 06:00ak aldera abiatuko dira trikitilariekin batera herriko plazatik.
Hurrengo eguna, kuadrilla egunaren txanda izango da. Herriko kuadrilla guztien bazkaria egingo da herriko plazan, eta goizean goizetik hasita, Strapalucio txarangak alaituko ditu Adunako txoko guztiak. 19:00etan kuadrillen arteko jokoak egingo dira, eta gauera begira indarrak hartzeko helburuarekin, bokatak banatuko dituzte 20:00etan. Gauean, mozorro dantzaldia egingo da eta DJ Iban, herritar guztiak dantzan jartzeaz arduratuko da.
Ama Birjin bezperan, zikirio jatea egingo dute 20:30ean, eta gauean Iratzar taldeak hartuko du protagonismoa.
Ama Birjin egunean, txistularien dianarekin ekingo diote azken egunari. Haurrei begirako dantzaldia ere egingo da eguerdian, eta ondoren, Axeri dantzaren txanda izango da. Arratsaldean, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Amets Arzallus, Joanes Illarregi eta Nerea Ibarzabal bertsolarien saioa entzuteko aukera izango dute herritarrek. Festei amaiera emateko, zezen suzkoa eta Azkena Gora! Agur Kukurruku! kantatuko dute.