Aduna, sagastien lurraldea

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko eka. 30a, 21:07

Sagastitik sagardora ibilbidea aurkeztu dute Adunan. Bi kilometroko ibilbidea elkarrekin egin dute herritarrek eta proiektua martxan jarritako arduradunek. Zabala eta Aburuza sagardotegiko sagastietatik barrena, sagardoaren prozesuaz mintzatu dira sagardogileak; sagardoa dastatzeko aukera ere izan da.

Adunako plaza izan da elkargunea gaurkoan, sagardoaren jatorriaz jakin nahi zuenarentzat. Herritarrak bildurik, lehenik, Adunako alkate Kristina Rodiguezek hartu du hitza Sagastitik Sagardora proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Gogoratu du Aduna dela Tolosaldea eskualdean sagastirik gehien duen herria, eta honela, sagastiari merezitako balioa eta tokia emateko proiektua garatu dutela herrian. Hala ere, Sagastitik Sagardora proiektua ez dute ibilbide soil batean geratzerik nahi, eta aurrerantzean sagardoaren bueltan ekintza ezberdinak antolatuko dituztela jakitera eman du.

Proiektua garatzeko orduan, Adunako Udalarekin batera, herriko sagardotegiek –Aburuza eta Zabala–, Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak, Josu Ozaita antropologoak eta Julen Larruskain Zura diseinuko kideak parte hartu dute. Guztiek bat egin dute gaurko aurkezpenean.

Ibilbidea bost panelez horniturik

Sagastitik sagardora ibilbidea zabalik egongo da gaurdanik, nahi duenak burutu dezan. Zabala sagardotegiaren panela pasata, eta hesi bat zeharkatuta, markatuta dago ibilbidearen hasiera. Bi kilometroko ibilbide zirkular erraza da; freskoa, sagasti artean egiten dena. Uneoro antzeman daitezke sagasti zaharrak, urteak eta urteak dituztenak, eta landatzen ari diren sagasti berriak: «Garai berrietara egokituz», behin eta berriro azaldu duten bezala Aburuza eta Zabala sagardotegiko sagardogileek.

Gaurko ibilbidearen inaugurazioan, geldiunez-geldiunez joan dira bisitariak. Eta geldiune bakoitza sagardoaren kulturaz gehiago ezagutzeko abagunea izan da. Geldiune bakoitza gainera, panel informatibo baten ondoan egin da. Honela, abiapuntu hartu dira sagardo kulturaren hainbat alor: sagasti motak, urtaroetako aldaketak, lan desberdinak, ohiturak, errituak eta historia.

Ibilbidea burutu dutenek luxuzko gidariak izan dituzte: Zabala sagardotegiko Luis Zabala eta Aburuza sagardotegiko Josu Aburuza. Luis Zabalaren gidaritzapean egin da ibilbidearen lehen zatia. Berak lehenik eta behin, atentzioa sagastiaren lupuluan jarri du, plazatik ibilbidearen hasierara bidean, hesiaz bestalde ikusgai zegoen eta. Hain zuzen ere, Euskal Herriko lupulua.

Hurrengo geldialdian, Zabalak familiako sagardotegiaren jatorriaren berri eman du: «Aitak, aitaren aitak, aitaren aitonak... ez dakigu noiztik baina sagasti artean ibili dira, etengabe. Badaude sagardotegi asko mozketaldiak izan dituztenak, baina gure kasuan etengabe aritu gara. Guk dakigula behintzat, jarraian-jarraian, utzi gabe». Eta horrela jarraitzeko asmotan dabilela ere esan du irribarre txikiarekin: «Jubilatu artean».

Lehen panelaren aurrean, jarraitu du azalpenarekin Zabalak: «Hamabi urteko sagastiak daude hemen, eta atzerago daude 40 bat urteko sagarrak ere bai». Barietate ezberdineko sagarrak dituzte sagasti hauetan zabalatarrek: «Hamabost bat mota ezberdin gutxienez». Euskal jatorriko sagardoak direla azpimarratu nahi izan du Zabalak: «Bertakoari helduz, bertatik bertara». Hala ere, «garai berrietara egokitu nahian».

Hurrengo geldialdian, sagasti zehatz batzuei erreparatzeko beta luzatu die Zabalak bisitariei. Sagasti zahar eta berrien arteko diferentzia agerian utziz. «Zahar batzuk gainera ihartzen hasiak dira». Lehen ihartu heinean, sagarrondo berria sartzen zela kontatu du; gaur ordea, egoera bestelakoa da: «Gaurko tendentzia sagasti mota berria da, eskulana errazteko, makinarekin lan egiteko; sagar mota berdina izan daiteke, baina patroia diferentea da». Momentuz sagar kopuru aldetik, sagasti zaharrak sagar gehiago ematen du baina sistema berria «produktiboagoa» izango dela dio. Baina oraindik denbora behar behar zaiola uste du Zabalak: «Europan asko landatzen da horrela eta askoz errentagarriago dela esaten dute». Garai berrietarantz joanda, lana errazteko modua bilatzen dute; kimaketa ere makineriarekin eginez eta sagarrondoak elkarren ondoan jarriz –700-800 landare hektareako–. «Frankoetan bestalde, tarte gehiago behar zuten sagastiek».

Sagardo tragoa eta bertso doinuak

Luis Zabalak Josu Aburuzuri gidaritzaren testigua pasa aurretik, beste geldiune baterako tartea izan da. Unai Agirre bertsolariak eta Euskal Sagardoaren koordinatzaileak hartu du protagonismoa orduan, herritarrek lehen sagardo tragoak dastatzen zituztela. Gaur bildutako jende kopuruari erreferentzia eginez ez zaio umorerako tartetik falta izan: «Kuadrilla latza juntatu gera langintza ikasi nahian, ia hainbeste juntatzen geran sagar biltzeko garaian».

Aburuzarenean azken pausoak

Azkenik, Josu Aburuzak hartu du hitza eta bere sagardotegiaren jakituriatik hitz egin du, geldialdiz geldialdi. Aburuza ere garai berrietara begira dagoela azaldu du: «Plantazio modernoek bezeri gehiago izango dute; azken batean hori lortu nahi dugu, urtero sagarra edukitzea euskal sagardoarentzat, eta urtetik urtera gorabehera handirik ez izatea; hala ere, faktore asko daude tartean, klima, eguraldia, esaterako; baina, hemendik hasi beharra dago».

Aburuzaren kasua, historia aldetik, Zabala etxekoena baino laburragoa da; hala ere, euren aitonak jada sagardoa ekoizten zuen baserrian: «Baditut oroitzapenak egurrezko dolare zaharrean aitonak sagardoa egiten zuela, baina ogibide bezala ez. Gure aita duela 42 bat urte hasi zen ogibide bezala, eraikuntza alde batera utzita. Gu beraz ogibide honetan bigarren belaunaldia gara».

Josu Aburuzak Euskal Sagardoarentzat Fraisoro laborategiak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. 2016an sortutako proiektua da Euskal Sagardoa: «Sagardoak behar zuen hemen eta kanpoan posizionatzeko», eta lan horretan Fraisorok lagundu duela esan du Aburuzak: «Euskal sagardo guztiak laboratorio horretatik pasa behar dute; analitika guztiak atera eta botiletan sartu aurretik bertatik pasa behar dira. Euskal Sagardoaren zertifikazioa lortzeko panel horretatik pasa beharra dago». Muztiotik hasita, prozesu guztian uneoro lankidetzan aritzen dira Fraisororekin. Honela jakinarazi du Aburuzako ordezkariak.

Honela, ibilbidea txalaparta hotsekin, mahastien usaina oraindik sudurrean, sagardoa kopan dastatuz, amaiera eman zaio gaurko inaugurazioari. Sagastitik Sagardorak ordea, ibilbide luzeagoa izango duela espero dute Adunan.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!