Sagastiei balioa emateko ibilbidea eta festa

Ataria 2023ko ekainaren 29a

Sagastitik sagardora prozesua ezagutzeko ibilbidea ondu dute Adunan; bihar, ibilbidea aurkeztuko diete herritarrei, festa formatuan.

Bi kilometroko ibilbidea prestatu dute Adunan, sagastiei balioa emateko. Azken batean, sagardoa nondik datorren irakatsi nahi dute, sagardo kulturaz gozatu ahal izateko. Bost panel ezarri dituzte ibilbidea zehar sagasti motak, urtaro aldaketak, lanak, ohiturak, errituak eta historia azalduz. Guztia, sagardoaren bueltakoa.

Herritarrekin festa

Ibilbidea irekita egongo da bihartik, nahi duenak egiteko eskura. Baina aurretik, herritarrak gonbidatu dituzte ibilbidearen estreinaldira. Bihar, ostirala, 17:30ean elkartuko dira Adunako plazan eta sagasti barrenean 18:00etan murgilduko dira. Honela, azken batean, ibilbidea osorik eta elkarrekin egingo dute herritarrek; eta herriko sagardogileek euren azalpenak emango dituzte panel bakoitzean.

Sagardoa dastatzeko aukera egongo da, Unai Agirreren bertsoek eta txalapartaren doinuek lagundurik. Eta amaieran, Zabala sagardotegian jarraituko du festak. Bertan, Aburuza eta Zabala herriko sagardoak dastatzeko aukera egongo da, eskualdeko gaztekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!