ELKARRIZKETA

«Kultura begiak dira, belarriak, natura bera antzemateko modua»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 25a, 07:59

Alberdaniako Litenatura bilduman 'Ura saltoka, natura eta kultura jolasean' saiakera eman du argitara idazle adunarrak; naturarekin duen harremanaz idatzi du, askotariko gogoetabideak gurutzatuta

Gogoeta pertsonal literarioak bildu ditu Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) Ura saltoka saiakeran. Naturaz eta kulturaz hausnartu du bizipen pertsonaletatik abiatuta eta gogoetak osatu ditu bizi osoan zehar bidaide izan dituen erreferentzia teoriko, literario eta filosofikoekin. Ezagutu eta ia mende erdi geroago baliagarriak zaizkiola dio idazleak, «burua erne» edukitzeko. Asmo horrekin murgildu da lan berrian: ingurua hobeto ulertzeko eta ikuspegia zabaltzeko.

Nondik nora sortu zaizu saiakera hau idazteko aukera?

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak bota zidan enbidoa eta nik hartu. Litenatura saila zabaldu dute argitaletxean eta proposatu zidan naturaren inguruan nik neuk bizi izandakotik idazteko. Bizipenak gogoeta literario eta filosofikoekin osatu ditut, ez hainbeste testua janzteko, irakurleari bidea zabaltzeko baizik; gai horietan arakatzen segi dezan.

Badago gaur egungo begiradatik iragana begiratzeko ahalegina liburuan?

Bai, badago nire buruarekiko eta inguruarekiko ikuspegi kritikoa, baina gehiago egiten dut erakutsi, epaitu baino. Euliei tratu txarrak ematen genizkienekoa, adibidez. Sadismo punturaino iristen ginen, baina umeon artean oso naturala zen. Gaur egungo ikuspegitik bortitza gertatzen da. Nik liburuan diot hozkia sentitzen nuela txoriari tiroa botatzerakoan. Normalean kale egiten nuen, oso deserosoa zen sentsazio bat sentitzen nuelako barrutik, pena moduko zerbait. Adin horretan ahuldadearekin lotzen nuen sentipen hori, 'ni ez naiz besteak bezain gogorra, ez naiz ehizan ona', esaten nion neure buruari. Urteak pasa ahala hobe nuen sentsibilitate hori sendotu izan banu.

Bazenuen gaztetan mendiarekiko eta naturarekiko sentsibilitatea, baina gaztaroan eman zenuen saltoa ekologismora. Zergatik?

Bai, internazionalismo proletariotik naturismora. Unibertsitate garaian giro oso erradikal batzuk ezagutu nituen, eta nik esaten dudan gisan, taldekeria bortitzagoan ibili nintzen. Giro horretatik nentorren. Trantsizio garaia etorri zen, eta hein handi batean, niretzat behintzat, ondoratze ideologikoa etorri zen. Nire inguruan jende askok drogetara jo zuen. Nik, ordea, mendian eta basoan sentitzen nuen betetasuna, sumatu nuen bizi-gogoa naturatik zetorkidala. Aurretik banekarren natura eta yogarekiko zaletasuna eta gehiago sakontzen joan nintzen, irakurtzen eta praktikatzen. Bilaketa bat hasi nuen gaurdaino iraun duena.

Zein autore izan zenituen erreferente garai horretan?

Asko. Ekologiaren inguruan nigan eragin handia izan zuen James Lovelocken Gaia liburuak; planeta gizaki biziduntzat hartzen zuen eta horrek erabat aldatu zidan ikuspegia momentu hartan. Beste lan bat, Ernst Friedrich Schumacherren Txikia ederra da liburua izan zen; ekonomia eta gizarte modulu txikiak, bertatik bertarakoak proposatzen zituen. Oraindik ere bi autore hauen ikuspegiak sendo irauten dit 40 urte baino gehiago pasa badira ere. Horiek eta gehiago. Garaitsu hartan ezagutu nuen Thoreau, adibidez, eta arreta eman zidan naturan bakartzeko bere proposamen hark. Indiako autoreak ere ezagutu nituen eta guztien gainetik, gogoko nuen bat, aforismoetan yogaren bidea zabaldu zuen Pantajali. Nire aforismoekiko zaletasuna, ziurrenik, hortik etorriko da, ideia filosofikoak oso lerro gutxitan biltze horretatik. Txunditzen ninduen.

Zertan lagundu dizute pentsalari horiek guztiek?

Teknika horiek lagundu didate leku bat topatzen nire barruan, eta aldi berean, ingurunean ahalik eta modu ez biolentoenean mugitzen. Nik omen dudan lasaitasuna, konturatzen naiz, fabrikatua dela, neurez oso urduria eta presatia bainaiz. Bake eta patxada hori sortu egiten dut teknika horiekin. Laguntzen didate eguneroko bizitzan ez hain baldar egoten. Eta ez da gutxi.

Erraza al da norberak bere barruko natura topatzea?

Landu beharra dago. Barruko natura topatzen baduzu, inguruarekin ere harmonizatu egiten zara. Azken batean konturatzen zara zuhaitz ibiltariak garela. Lau hankatan zuhaitzetatik jaitsi ginen, tentetu ginen, eta azkenean, zuhaitz ibiltariak bihurtu gara. Buruarekin zerua ukitu, oinekin lurrean sustraitu eta besoak, adarren gisan, libre geratu zaizkigu mundua manipulatzeko. Liburuan diot, zuhaitza da irtenbidea.

Mundua manipulatu eta gizakiak natura ere hartu nahi du mendean.

Bai. Harroxko agertzen gara gainera. Gizakiok natura esaten dugunean, normalean natura bezatu bat nahi izaten dugu, gure mendera eta kapritxora daukaguna. Gure kultura garatzeko natura manipulatu egiten dugu, askotan, naturarekiko harmonia bera galduz. Nahikoa ebidentea da ez diogula naturari bere lana egiten uzten. Baina gu saiatu izanagatik ere, menderaezina da natura. Uste dut kulturak aukera ematen digula naturari den bezala begiratzeko. Kultura begiak dira, belarriak dira, natura bera antzemateko modua.

Literaturak ere balio du natura behatzeko?

Bai, noski. Nik naturan arnasa hatzen dut. Hartu eta bota. Hori bukatzen denean, akabo. Ume jaioberriei begiratzea besterik ez dago, arnasa hartzen dute, bihotza mugitzen zaie, erritmikoki, taup-taup, eta horrekin batera emozioak agertzen hasten zaizkie. Umea zinkurinka hasten denean poesia egiten hasten da. Zientifikoak esango dizu erreflexuak direla. Baina nik diot erritmoak daudela hor; nik poesia ikusten dut hor.

Liburuaren azken aldera, gaur egungo gaiei gehiago lotzen da eta itomena atzematen zaizu.

Bai. Izan ere, bat digeritzen hasterako hurrengoa datorkigu. Ez digute denborarik uzten. Hain bizkor joate horrek buruari ez dio gauzak aztertzeko patxada uzten. Nik ikuspegi zabalago batekin ikusi nahi ditut gauzak. Higieneagatik besterik ez bada ere, bertsio ofizialetik kanpora dagoena ere jakin nahi dut, interesatzen zait. Pandemia, faxismoaren gorakada, gerra, prezioen igoera... aurrean dauden indar hauek etsitzeko modukoak dira, eta okerrena da, lepotik nori heldu ere ez dakigula azkenerako. Guztia algoritmo batek sortutakoa dela dirudi. Datuek berez pentsatzen al dute ba?

Errealitate itogarri honen aurrean zein proposamen luzatzen duzu?

Naturan arnasa hartzea. Nik duela 40 urte topatu nituen gauzetan aurkitzen dut berriro ere erroa eta sendotasuna. Segi begiak irekita. Segi zure burua zaintzen. Segi naturarekin kontaktuan. Segi irakurtzen. Segi ikuspegia zabaltzen. Berdin dio kondenatzen bazaituzte. Badakit nik liburuan esandakoekin jende asko ez dela ados egongo. Ni neu ere agian ez, hemendik hilabete batera. Kontua da gaur egungo mundu informatiko honetan kabestruak jartzen zaizkigula, txikitatik pantailara begira jartzen gaituztela. Aska gaitezen. Niri barrenak askotan gauza askori ezetz esatea agintzen dit. Barruko sena entzun eta horri jarraitu nahi diot nik. Urak errota martxan jartzen duen bezala, liburu honekin nire interesik handiena izan da buruaren errotak martxan segitzea. Ez nireak bakarrik, baita ingurukoenak ere. Saia gaitezen jartzen dizkiguten kabestruetatik kanpora begiratzen eta gure senari jarraitzen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!