Hiri Antolamendurako Plan Orokorra zehaztu eta onetsiko du Adunako EH Bilduk

Ataria 2023ko mai. 20a, 09:11

Herritarren aurrean programa aurkezteko ekitaldia egin dute Adunan; datozen lau urteetarako dituzten asmoen berri eman dute.

Datozen lau urteetan Adunako EH Bildu lanerako ilusioz dagoela esan du Kristina Rodriguez Mendikute alkategaiak. «Lantalde indartsua osatzen dugu, herritarrak gara guztiak eta ondo ezagutzen dugu herria», nabarmendu du. Aurretik egindako «lan ona» goraipatuz, ildo beretik lanean jarraituko dutela gehitu du.

Hirigintza jasangarri baten alde egingo dutela lan esan dute. Eta hor jarri dute azpimarra: datozen urteetan Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aztertu, herritarrekin partekatu eta onetsi nahi dute. Horrela, «herriko lurzoruak sailkatzea eta antolatzea izango da helburua», Xabier Zabala Tolosa hautagaiak zehaztu duenez. «Plana onartu eta hurrengo urteetan gure herria nolakoa izango den erabaki behar dugu».

Atal horretan, Kamioko etxebizitzak eraikiko dituztela esan dute, bi fasetan. Lehenengo fasean, errepiderantz dagoen lur eremuan 20 etxebizitza eraikiko dira, eta bigarren fasean, herrigunerantz dagoen lur eremuan, 24 etxebizitza eraikitzeko proiektua landu dute. «Horrela, etxebizitzaren gaiari 25 urtez aurre egiteko moduan izango gara, gure nahia, herritarrak bertan etxebizitza lortzeko aukera izan dezatela baita», esan du Zabalak.

Horrez gain, aisia, osasuna eta kirola sustatzen jarraitu nahi dutela esan dute, jarduera ezberdinak bultzatuz, ikastaroak antolatuz, aisialdirako dauden baliabideak zainduz. Eskolari begira ere jarriko direla esan du Ainhoa Arruti Bereziartua hautagaiak, «eskola herriko etorkizuna delako». 2024an Eskola Txikiak jaia Adunan izango da, beraz, ondoan egon nahi dutela dio.

Bestetik, Andoain eta Zizurkil lotzen dituen GI-3610 errepidearen inguruan aldundiarekin lortutako akordioa garatzen jarraitu nahi dutela esan du Zabalak. Errepide horren jabetza aldundiaren esku utziko dute, eremu bateko berritze lanak udalak egiten dituenean. Ingurugiroari ere erreparatu nahi diotela esan dute, birziklatzen eta energia berriztagarrien alde lanean jarraituz.

Eta hori guztia herrian dituzten eragileekin «harremanak sendotuz eta elkarlanean». Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako EH Bilduren aldeko bozka eskatu dute, bai Adunarako eta baita Batzar Nagusietarako ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!