ERREPORTAJEA

Burua beti martxan, askotan, eskatu gabe

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 21a, 07:59
Buru osasuna. ATARIA

OMEk emandako datuen arabera, lau pertsonatik batek buru nahasmendua izango du bizitzan zehar; Agifes elkartea kezkatuta dago, geroz eta adingabe gehiago doazkielako laguntza eske.

Azkenaldian asko hitz egiten da buru osasunaz. Norbere buruaren jabe sentiarazten duen egoera da buru osasuna, batez ere, erabakiak hartzeko, egunerokoan eraginkortasunez lan egiteko, bizitzako tentsioei aurre egiteko eta komunitateari ekarpenak egiteko orduan. Buru osasuna kolokan jartzen denean, ordea, buru nahasmendua etor daiteke. Eta eremu horretan egiten du lan Agifesek, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak.

Elkarteko psikologoa da, 2002az geroztik, Adunan bizi den Maider Gorostidi andoaindarra, eta berak dio osasun fisikoari ematen zaion inportantzia bera eman beharko litzaiokeela buru osasunari. «Pertsona osoa gara, burua eta gorputza ditugu, nahita ere ezin dira banandu, beraz, biak zaintzea beharrezkoa da».


Maider Gorostidi Agifes-eko psikologoa. I. SAIZAR


«Zer da ondo egotea? Eta zer gaizki egotea? Oso erraz pasatzen den muga bat da, eta garrantzia gutxi ematen diogu horri». Behin muga pasatzean, alarma hori piztean dago gakoa. «Ez nago ondo» esatea da lehen pausoetako bat. «Hori esaterainoko bidea ez da erraza izaten, jakin badakite ez daudela ondo, baina bere kasa pasako ote den eta ondo jarriko diren esperantzarekin egiten dute aurrera». Eta bai, batzuetan pasatzen dela dio, baina, beste askotan egoerak okerrera egiten duela ere nabarmendu du. «Laguntza zenbat eta lehenago eskatu, orduan eta errazagoa izango da edozein nahasmendutatik ateratzea».



Buru nahasmenduaren diagnostiko asko daude; zerrenda luze bat egin daiteke guztiekin. Agifesera gehien gerturatzen diren kasuak, ordea, depresioa, antsietatea, nortasun nahasmendua, eskizofrenia edota nahasmendu bipolarra dira. «Denek komunean dutena da pertsona blokeatu egiten dela, eta bere bizitza, momentu horretan, baldintzatuta geratzen dela». Non geratzen dira pertsona horren nahiak, ilusioak, emozioak? «Beti dago sufrimendua atzean, eta bide horretan laguntza jasotzea, argi izpia izan daiteke».

 

Maider Gorostidi: «Beti dago sufrimendua atzean, eta laguntza jasotzea, argi izpia izan daiteke»



Diagnostikoa jasotzean, nahasmenduaren izen bat jasoko du pertsonak. «Izen horren atzean, ordea, pertsona bat dagoela ez da ahaztu behar; bakoitza hain da desberdina, bere atzean dagoen istorio, familia eta egoerak kontuan hartu behar dira, eta bakoitzari modu desberdinean eragin liezaioke».

Ezjakintasuna da bide horretan dagoen beste fenomenoa, horixe baita gaixotasun askoren atzean dagoena. «Gaixotasun guztiekin gertatzen da, tokatu arte ez dakizula zer den», dio Gorostidik. «Aurreiritziak beti dauzkagu, baina ondoan daukagunean beste kontu bat da, eta orduan etortzen dira larritasunak». Hor dago sufrimendua eta hor dago, baita ere, sufrimendu horretatik atera nahia. Behin laguntza eskatu eta laguntza eskaintzean, normalean aurrerapausoak ematen direla esan du psikologoak. «Nahasmendu horiek existitzen dira eta ez dut esan nahi soluzioa gure elkartera etortzea denik, baina edozein motatako laguntza eskatzea bide horretan oso lagungarria izaten da».

Buru nahasmenduak «zipriztin asko» botatzen ditu ingurura, hala esan du Gorostidik: «Buru osasunean arazoren bat duenaren inguruan dagoen jendea hor egoten da, familiakoak edo berarekin bizi direnak izan daitezke, eta kezka izaten dute. Hor, arazoa da, ez dela jakiten nola lagundu». Hor ere ezjakintasuna, beraz. «Guraso asko etortzen dira elkartera, seme-alabari lagundu nahi eta nondik hasi ez dakitenak; pertsona horien antsietatea eta beldurrak kudeatzea lanketa handia izaten da». Diagnostikoa jaso duenak sufrimendua duela dio, baina bere inguruan daudenek ere izaten dutela. «Lagundu nahi eta ezin iritsi horrek ondoeza sortzen du, familia batzuek gizarte langileen beharra izango dute, eta beste batzuek psikologoarena».

Ezjakintasunaz gain, beldurra ere bada familiek bidean topatzen dutena, eta «erabat baldintzatzen du». «Zure familiako bat oso gaizki dagoela ikustea, ez dela etxetik ateratzen ikustea, latza da, eta momentu batean beldurra ere eman dezake, eta zaindu egin behar da».

Laguntza bat, bidean

Laguntza eskatzen duten horiei laguntza eskaintzen ahalegintzen da Agifes elkartea. Profesional ezberdinez osatutako taldea dago atzean, eta horietako bat da Gorostidi psikologoa. Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei eta beren familiei ere laguntza guneak eskaintzen dizkiete, programa ezberdinen bidez.

Komunitatean autonomiaz moldatzeko programa psikosozialaren koordinatzailea da, esaterako, Gorostidi. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean eramaten dute aurrera, nola Gipuzkoan, hala Tolosaldean. «Buru osasun arazoa duen pertsona bizi den tokira joaten gara zerbitzua eskaintzera, bere ingurunera gerturatzen gara hala». Beharren arabera, hezitzailearen zein psikologoaren laguntza jasoko du. «Egunerokoan dituzten beharrak aurrera eramatea da helburua; batek, adibidez, etxea txukuntzeko beharko du laguntza, eta beste batek, erosketak egitera joateko beharko du, edota gestio zehatz bat egiteko eskatuko du beste batek laguntza». Hezitzaile hori bihurtuko da, nolabait, pertsona horren erreferente, eta astean, behar adina alditan egingo dio bisita.

Nahasmendua duen pertsona «erdigunean» jartzea ezinbestekoa dela dio Gorostidik. Diagnostikoak ezberdinak diren moduan, pertsona horien egoerak ere ez dira berdinak: «Buru nahasmendua izanagatik, lanean jarraitu dezaketenak daude, eta lanetik kanpoko orduetan geratuko dira hezitzailearekin; beste batzuk, lanik egiten ez dutenez, egutegi malguagoa izango dute». Guztiek dute diagnostiko bat, baina txosten horretan arreta jarri beharrean, pertsonan jartzen dituztela begiak dio, gauza guztiak beraiekin adosten dituztelako.

Programa horrez gain, laguntza taldeak ere eskaintzen dituzte, eta Gorostidiren kasuan, depresioa eta nahasmendu bipolarra dutenen taldeak bideratzen ditu. Horrez gain, depresioari buruzko tailerrak ere ematen ditu eta Elkarrekiko Laguntza programa ere koordinatzen du. Buru nahasmendua gainditu duen pertsona baten eskutik eskaintzen da laguntza: «Mikel Merino du izena, eta urteak atzera, bizitza arrunta zuen: familia, haurrak, lana... diagnostiko bat jaso zuen eta bizitza hankaz gora jarri zitzaion; bizitza bera ikasketa moduan hartu, eta horri probetxua ateraz, bere esperientziatik beste pertsonak laguntzen ditu». Esperientzia hori bizitu izanak, arazo bat duten pertsonengana beste modu batera gerturatzeko aukera eskaini diola aitortu du psikologoak. «Gu profesionalak gara, liburuetatik ikasi dugu eta teoria badakigu, baina lehen pertsonan ez dugu halakorik bizitu; beraien egoerara gerturatzen saiatzen gara, bizipenak ulertzeko ahalegina egiten dugu, baina bizitu duenak, askotan, gehiago lagundu dezake eta laguntza hori eraginkorragoa izan daiteke». Gainera, buru nahasmendua duten horientzat, parean egoera gainditu duen baten laguntza izatea, «bultzada handia» izan daiteke.

Laguntzak «pertsonalizatuagoak eta efizienteagoak» direla dio orain, garai batekoekin alderatuta. «Gaur egun, buru osasun arazoa duen edozein pertsona etxe batean bizi da, kalera ateratzen da, eta hori behar dugu, erabateko integrazioa. Elkartetik denok eskubide berak izan ditzagun saiatzen gara, bai ikasketetarako, baita lanerako ere».

Beste gaixotasunekin gertatu bezala, buru osasun arazoa dutenek ere nahasmendu aurreko bizitzara inoiz itzuliko ote diren maiz galdetzen dutela kontatu du Gorostidik. «Bizitzako bizipen guztiek aldatzen dute pertsona bat, eta urteak pasa ahala, ezer berezirik gertatzen ez bazaigu ere, aldatu egiten gara, aldatzen goaz». Horrelako egoera bat datorrenean, aldaketak izaten dira, «egokitzen jakitea, barneratzea» izan daiteke gakoetako bat, psikologoaren ustez. «Diagnostikoak beldurra ematen du, akaso, ez duzulako ezagutzen zure egoera berean dagoen beste inor, baina diagnostiko batek buelta asko eman ditzake». Esan duenez, diagnostikoa atzean uztea jende askok lortzen du, «ez du esan nahi bizitza erabat erori zaizunik, zure ikasketak, zure nahiak atzean geratuko direnik». Laguntza behar izaten da, baina ondo egotea ere posible dela gehitu du.

Bide horretan, arlo psikologikoan, terapiak ere eskaintzen dituzte elkartean, baina ez denbora luzekoak. «Jende asko iristen zaigu elkartera, pixkana tamaina handitzen goaz, baina guztirako ez ginateke iritsiko. Hori horrela, 8-10 saioko laguntzak eskaintzen dituzte: «Laguntza puntu bat ematen dugu, aurrera egin dezaten».

Laguntza horren parte da medikazioa, baina Gorostidik argi utzi du tratamendua ez dela medikazioa bakarrik. «Tratamendua medikazioa soilik izan balitz, pilula batzuk hartu eta listo, buru nahasmendua desagertuta; baina badakigu hori ez dela horrela». Tratamendua oso modu zabalean ikus daiteke: medikazioarekin batera, izan daiteke familia, alderdi soziala, ikasketak, lana, laguntza psikologikoa... alderdi guzti horien osaketa izango da pertsona horren tratamendua. «Izan ere, batzuei medikazioak ez die onura gehiegitik egingo, ez baita beti mirarizkoa izaten». Tratamendua aulki baten parekoa dela dio Gorostidik, hanka asko dituena: «Aulkia zutik mantentzeko, hanka guztiek egon behar dute sendo».



Bizi kalitatea hobetzen saiatzen dira programen bidez, gehienetan helburua «lasai bizitzea» izaten delako. «Zer da ondo bizitzea? Lasai bizitzetik etor daitekeela uste dugu».

Denon kontua

Buru osasuna ez da soilik arazoren bat dutenek zaindu beharreko gauza, baizik eta «guztiok kontuan hartu beharrekoa». Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, lau pertsonatik batek buru nahasmendua izango du bizitzan zehar. Zifra hori, ordea, pandemia aurretik iragarritakoa dela dio Gorostidik. «Pandemiak larritu egin du egoera; gaur egun, pentsatzen da lautik bat beharrean, lautik bi izatera iritsi gaitezkeela». Egoera «larria» dela dio, «horrek atzetik ekartzen duen guztiarekin».

Atzetik ekartzen duena, egoerarik estremoenetan, suizidioa izaten dela dio. Zifrak «gora eta gora» doaz. «Bere buruaz beste egiten duten pertsonak kantitatez gehiago dira istripuz hiltzen direnak baino», azpimarratu du. Eta gehitu du istripuen inguruko kanpainak egiten direla, beharrezkoak direla, baina buru osasunaren inguruan ez dela lanketa berdina egiten. «Kopuru horretan, gainera, ez dira zenbatzen saiakera egiten dutenak, edo beren buruetan heriotzarekiko pentsamenduak dituztenak». Sufrimendu hori «apaltzea» behar luke helburu nagusia.

Buru nahasmenduarekin gertatu bezala, suizidioarekin ere mito asko dagoela esan du Gorostidik. «Esan ohi da bere buruaz beste egin nahi duenak ez duela ezer esaten eta egin egiten duela, aldiz esaten duenak ez duela egiten. Hori ez da egia, errealitateak halaxe erakusten du eta egoera larria da». «Egon daitezkeen komentarioei jaramon egin behar zaie, gaia tentuz hartu behar da».

Nola egin aurre

Formula matematikorik ez, buru nahasmenduen kasuan ere. Prebentzioan jartzen du azpimarra Agifes elkarteak, eta bereziki, «haurretatik hasita». Gorostidik esan du «kezkatuta» daudela adingabeen gaiarekin, «geroz eta gehiago» direlako elkartera gerturatzen diren familiak, adingabekoen kasuekin, laguntza eske. «Sistema hankamotz geratzen da adingabeekin; familia horiek behar duten arretara ez da iristen sistema, eta askotan, adinekoen kasuetan bezala, berehalako interbentzioa behar dute».

Hori horrela, Zeuk aukeratu izeneko programa bat daukate martxan, ikastetxeetan, 8-9 urtetik gorakoei buru osasunaren inguruan aritzeko. «Emozioez hitz egiten dugu gaztetxoekin; izan ere, berez ez zaigu erakusten gure emozioak zaintzen, eta komenigarria da». Esan du min askoren atzean dagoela emozio konturen bat. «Dinamika eta jolas ezberdinak egiten ditugu, eta nahiz eta kanpotik begiratuta, haurrak zoriontsu ikusi, askotan egoten dira barruan sufrimendua daramaten haurrak». Prebentzioa da horretarako egin daitekeen gutxienekoa: «Zein garrantzitsua den prebentzioa eta haur horien gainean begi batzuk izatea, bai ikastetxe aldetik, eta baita familia aldetik ere». Izan ere, emozioak astintzen dituzten ekintzak milaka izan daitezke: etxeko gorabeherak, gurasoak banandu direla, gertuko norbait hil dela... «Gertatzen diren egoerak dira eta horri buruz hitz egin behar da».

Tabuak tabu

Buruak lan asko egiten du, ez dauka piztu eta itzaltzeko botoirik. Zenbat erraztuko ote luke bizitza, behar denean itzaltzerik balego? Ez da posible, ordea. Gaitz fisiko batekin, analisi batzuk egin edo plaka batzuk aterako dizkizu medikuak, eta esango dizu kalte hau edo bestea daukazula, baina, «buruko kalte bat diagnostikatzea, ez da analisi bat egitea». Hori gutxi ez, eta askotan, ondorengo galderak entzun behar izaten dituztela dio Gorostidik: «Ondo ikusten zaitut, guztia daukazu ondo bizitzeko... zer da ba pasatzen zaizuna?».

Estigma horiek hor daude, eta «mingarriak dira oso eta karga negatibo asko jartzen zaizkio buru osasunari». «Duela urte batzuk, norbaiti esatean buru osasun arazo bat zenuela, bazegoen bigarren maila batera pasatzeko joera moduko bat». Joera hori aldatzen ari ote den badu susmoa Gorostidik. Izan ere, gaur egun, buru osasunaz «gehiago» hitz egiten da, «geroz eta naturalagoa» da horren inguruan aritzea, baina, «oraindik, noizbehinka, psikologoarengana edo psikiatrarengana joaten zarela esateak erreparoa ematen du».

2002tik ari da buru osasun arazoak dituztenekin psikologo lanetan Gorostidi, eta jendeak harriduraz begiratu izan dio: «Niri pasatzen zitzaidan, jendeak galdetzen zidanean non egiten nuen lan, beldurtu egiten zen; eta gaur egun, uste dut, aldatu dela hori». Kontuan izanda, buru osasun arazo bat edonork izan dezakeela, «begiak gehiago irekitzen ditugu orain».

Puntu batean, ordea, kosta egiten da, ezkutatu egiten da eta mito asko daude, gainera, «deseraiki beharrak». «Askotan, buru osasun arazoa duen pertsona, indarkeriarekin lotzen da, eta demostratuta dago tratamendua jarraitzen dutenek justu kontrakoa erakusten dutela. Ezjakintasunak sortzen dituen ideia irrealak dira askotan», dio Gorostidik.

Horri buelta emateko, hitz egitearen beharra azpimarratu du psikologoak. «Esaterako, Edurne Pasabanek kolaborazio puntualak egin izan ditu gurekin, eta berak bere esperientzia kontatzeak jende askori lagundu dio, berak esandako gauzekin jende asko identifikatu da». Horrelako kontakizunak «lagungarriak» dira sarri. Zuhaitz Gurrutxagaren edota Markel Alberdiren bizipenak ere ekarri ditu gogora, eta gogorarazi du edonori gertatu dakiokeela: «Ez du esan nahi familia desegituratuetan soilik gertatu behar duenik, ez baitago nahasmendua izateko kausa zehatzik, berdin du diru gutxi edo asko izan, ikasketak izan edo ez, lan oso on bat eduki edo ez eduki... edonori gerta dakioke».

Ezkutatzeak hori sortzen du: tabuak, estigmak. «Gakoa sistema aldatzean legoke, baina aldatu ezean, laguntzak eskaintzen jarraituko dugu, eta zenbat eta laguntza gehiagorekin abiatu, erraztasun handiagoarekin atera daiteke nahasmendutik».

Osasun publikoa, urrun

Ondo ez sentitu eta medikura joatea da ohikoena, diagnostikoa ere hortik datorrelako. Gorostidik esan du ordea, osasun publikotik psikologo edo psikiatra baten kontsultara iristea ez dela batere erraza. «Psikologo edo psikiatra baten eskuetara iristen ez den jende pila bat dago, eta arazoa betikoa da: sistema». Azkenaldian, sindikatuek ere hala salatu dute, Gipuzkoan buru osasunaren sektorea pribatizatuta dagoela eta honakoa da datua: Gipuzkoako buru osasuneko langileen %85ek sare pribatuan jarduten dutela.

 

Maider Gorostidi: «Psikologo edo psikiatra baten eskuetara iristen ez den jende pila bat dago»



«Profesional gutxi daudela esaten dute, biztanleko psikologo kopurua oso baxua da», gehitu du. Hori horrela, zenbat dira diagnostikora iristen ez direnak? «Elkartera etortzen diren gehiengoak esaten digu, hitzordu bat eskatu eta hiru hilabetera edo sei hilabetera eman izan dietela ordua». Askok, maiztasun gehiagorekin jarraitu behar izaten dute kasua, ezinbestean. Eta kezkagarriena da, «behar hori geroz eta handiagoa» dela.

«Egitura konkretuak behar dira, arazo asko daude, eta denak ospitale berean sartu eta guztiak batera artatzea ez da posible», dio Gorostidik. «Gainera, pertsona asko familia medikuak soilik ikusten ditu, lehen arretan geratzen dira, eta haiek jarritako tratamendua hartzen dute, psikiatrara bideratzeko oztopoak dituztelako. Ez da justua, filtro moduko bat pasatzen dute lehen kontsultan, eta hori ez litzateke horrela izan beharko».

«Nik hanka apurtzen badut, familia medikuak zuzenean bideratuko nau traumatologiara, eta buru nahasmendua badut, zergatik saiatuko dira lehen arretakoak tratamendua jartzen? Gaizki jarraituz gero, akaso bideratuko zaitu espezialistarengana, baina denbora pasako da, eta hori sufrimendua luzatzea da», salatu du. Profesional gehiago jartzea beharrezkoa ikusten du, arlo guztietan.

Osasun publikoan, dagokion lekura iritsi ezinak arlo pribatura bideratzen duela jendea dio Gorostidik. «Kontua da denek ez daukatela gaitasuna kostu horri aurre egiteko; zenbait familiak ezin dute halakorik permititu, eta horrek ez luke horrela izan beharko».

 

BURU NAHASMENDU OHIKOENAK, AGIFESEN ARABERA

Errealitatearen pertzepzioaren eta kontzientziaren alterazioa du ezaugarri. Pertsonak argi pentsatzeko, bere emozioak kontrolatzeko, erabakiak hartzeko edo besteekin harremanak izateko duen gaitasunari eragiten dio. Esperientzia errealak eta irrealak bereizteko zailtasunak ditu pertsonak. Sintoma horiek guztiek sufrimendu handia eragiten diote, batzuetan blokeatuta geratu arte.

Nortasunaren nahasmendua

Nortasunaren, bizitzeko moduaren, osasun mentalaren, izateko moduaren eta ingurunearekin erlazionatzeko moduaren alterazioa da. Nahasmendu horrek sufrimendu handia eragiten dio pertsonari, edo gatazka handiak sortzen dizkio besteekin harremanean.

Nahasmendu bipolarra

Gogo-aldartearen eta jarduera mailaren asaldura larriko faseak ditu ezaugarri, eta gertakari maniakoak, euforikoak, zein depresiboak izaten ditu.

Depresioa

Gogo-aldartearen nahasmendua da. Garrantzitsua da tristura iragankor batetik bereiztea. Depresioak denboran irauten du eta sintomak gogorragoak dira; pertsonaren gizarte, familia edo lan funtzionamenduari eragiten dio.

Patologia duala

Pertsonak, buru osasun arazoa izateaz gain, menpekotasunak ere izaten du. Substantziekiko adikzioa alkohola, drogak edo substantziarik gabeko mendekotasunak izan daitezke jokoa, erosketak, teknologia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!