Jokin Eizmendi izan da txapeldun, XV. Gorostidi Harria Txapelketan

Leyre Carrasco 2023ko api. 23a, 21:48

Gorostidi Harria Txapelketaren XV. edizioa izan da jokoan gaur Adunako pilotalekuan, eta Eizmendik jantzi du txapela aurtengoan ere, minutu bat eta 55 segundoko denborarekin.

Puntako zortzi harri-jasotzaile aritu dira gaur txapelaren lehian: bi urte jarraian irabazle izan den Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a, Iñigo Izagirre, Aimar Galarraga, Paulo Azpiazu, Gari Garmendia, Imanol Royo eta Xabier Aranburu Guzta. Hala ere, aurtengoan txapela berriro jaztea lortu du Eizmendik.

Bost harriarekin aritu dira lanean, eta harri bakoitzeko bi altxaldi egin behar izan ditu bakoitzak: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra. Hamar jasoaldiak azkarren egiten zituenak eramango zuen txapela, eta halaxe lortu du Eizmendik jasoaldi guztiak minutu bat eta 55 segundoko denborarekin; iazko edizioan baino 15 segundo gehiagorekin amaitu ditu lanak aurten.

Emaitzarekin pozik eta probarekin gustora ibili dela aipatu du Eizmendik: "Pablok oso ondo egin behar zuela esan didate, eta oso urduri nengoen. Lan oso ona egin du, eta ni, berriz, bukatzera joan naiz. Nahiko ondo bukatu dut, beraz, pozik nago”.

Segundo gutxira herri kirol munduan hasiberria den Azpiazu izan du, bi minutu eta 32 segundoko denborarekin. Hirugarren postuan sailkatu da Goenatxo, hiru minutu eta 33 segundoko denborarekin. Laugarren, berriz, Izagirre sailkatu da, hiru minutu eta 44 segundoko denborarekin. Galarragak eskuratu du bosgarren postua, hiru minutu eta 45 denborarekin. Seigarren Guztak egin du, lau minutu eta 23 segundoko denbora eginez. Hemezortzi urterekin zazpigarren egin du Royok, bost minutu eta 49 segundoko denborarekin sailkatuz. Eta, azken postua Garmendiarentzat izan da. Azkar hasi, eta azken altxaldia ezin egin gabe geratu da azken postuan sailkatuz.

Iñaki Gorostidiren erronka

Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero; eta aurtengoan ere bi izan dira, Iñaki Gorostidi adunarrak lortu zituenak. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzea. Hori altxatzen zuenak 500 euroko sari berezia jasoko du. Bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuz altxatzea. Kasu horretan, harri jasotzaileak 100 euroko sari berezia eskuratuko du. Azken erronka egitea lortu dute Eizmendik eta Guztak, eta  probaren erdibidean geratu da Galarraga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!