Gorostidi Harrian hamar harri jasotzaile ariko dira

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 20a, 11:59

Jokin Eizmendi, iazko Gorostidi Harria txapelketan.

Igande arratsaldean izango da jokoan XV. Gorostidi Harria Txapelketa, Adunako pilotalekuan. Eizmendi eta Irigoien dira faborito nagusienak.

Gorostidi Harriaren XV. Txapelketa izango da jokoan igande honetan, 18:00etan hasita, Adunako pilotalekuan. Hamar harri jasotzaile ariko dira txapel bereziaren lehian: Jokin Eizmendi, Jon Unanue, Aimar Irigoien, Iñigo Izagirre, Sergio Mielgo, Aimar Galarraga, Paulo Azpiazu, Gari Garmendia, Imanol Royo eta Xabier Aranburu Guzta.

Bost harrirekin ariko dira lanean parte hartzaileak: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra.

Txapelketaz gain, ohi denez, nahi duten harri jasotzaileek bi erronka izango dituzte egingai, biak Iñaki Gorostidi adunarrak lortu zituenak. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzea. Hori altxatzen duenak 500 euroko sari berezia jasoko du. Bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuz altxatzea. Kasu horretan, harri jasotzaileak 100 euroko sari berezia eskuratuko du.

EIZMENDI, IAZKO IRABAZLEA

Aurreko urtean zazpi harri jasotzaile aritu ziren lehian Gorostidi Harrian, eta Jokin Eizmendik eraman zuen txapela. Harri bakoitzari bi altxaldi ahalik eta azkarren egitea zen lana, eta hamar jasoaldiak minutu bat eta 40 segundoko denboran egin zituen Eizmendik. Hori bai, Aimar Irigoien oso gertu izan zuen, 11 segundora, eta kontuan izan behar da Irigoieni altxaldi bat baliogabetu ziotela. Beraz, altxaldi hori ondo egin izan balu, ziurrenik Irigoien izango zen iazko txapelduna.

Eizmendi eta Irigoien izango dira beste behin faborito nagusienak txapela janzteko, baina horrelako lan azkarretan, edozein hutsegitek asko baldintzatu dezake azken emaitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!