Haurren ibilgailuetako segurtasuna landuko dute Adunan

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 18a, 11:00

Adunako Zirkuola lantegia

Sabeletik Mundura elkarteak haurren ibilgailuetako segurtasunaren inguruko doako kanpaina bat jarri du martxan Adunan, eta apirilaren 21ean, ostirala, doako bi ekintza egingo dituzte Zirkuolan.

Batetik, norberaren ibilgailuko haurren erretentzio aulkien eta instalazioaren berrikuspena egiteko aukera egongo da, 12:00etatik 20:00etara bitarte. Doakoa bada ere, aurrez hitzordua hartu behar da. «Haurren segurtasunarekiko konpromiso altuko pertsonak gara eta ohartu gara sarri familiek ez dutela beharrezko informazio guztia izaten. Tamalez, bide segurtasunaz ari garenean, hori oso arriskutsua izan daiteke. Burutzen ditugun ibilgailuetako berrikuspen ia guztietan (%95) segurtasuna hobetzea beharrezkoa dela jabetzen gara. Haurren kotxeetako aulkietan eta instalazio desegoki baten aurrean, merkatuko aulkirik onena izan arren, ezin dugu ongi erantzungo duela ziurtatu», azaldu dute Sabeletik Mundura elkarteko kideek.

Bestetik, 18:00etan, bide segurtasunaren inguruko hitzaldia izango da. Elkarteak argi du zein den bere helburua: «zero lesioaren aldeko apustua». «Europa Iparraldeko herrialdeetako esperientziek, ikerketek eta segurtasunaren inguruko teknologiak paradigma aldaketa eragin dute eta oso urria da istripu edo dezelerazio gogorren osteko haurren lesio tasa. Horixe nahi dugu gure eta zuen seme-alabentzat ere», esan dute elkarteko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!