Basopeta guraso elkarteak Santa Ageda bezperako eskea antolatu du

Ataria 2023ko urtarrilaren 31

Ostegunean eta ostiralean egingo dituzte entseguak eta larunbatean, 16:30ean aterako dira eskolatik.

Adunako Basopeta guraso elkarteak Santa Ageda bezperako eskea antolatu du, urteetako tradizioari jarraipena emateko asmoz. Eskola komunitateko kideek zabaldu diete deialdia eta dagoeneko bi talde osatu dira abesten ateratzeko. Otsailaren 4an, larunbata, 16:30ean Adunako eskolatik abiatuko dira.

Herritarrei ere zabaldu diete deia eta abesten atera nahi duten guztiek horretarako aukera izan dezaten. Horri lotuta bi entsegu antolatu dituzte Adunako eskolako atarian, makilak hartuta. Otsailaren 2an, osteguna, eta otsailaren 3an, ostirala, 16:00etan egingo dituzte entseguak.

Aurreko urteetan bezala, santa eskearen ondoren afaltzera joango dira parte hartzaileak Zabala sagardotegira. Afaltzera joateko asmoa dutenek, entsegutara azaldu eta han eman beharko dute izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!