Jon Irazu, Oriamendiko Afizionatuen Erremonte Txapelketan

Ataria 2023ko urtarrilaren 19a

Jon Irazu, ezkerretik bigarrena, txapelketaren aurkezpenean. ORIAMENDI

Oriamendi enpresak antolatuta, Afizionatuen Erremonte Txapelketa jokatuko da urtarrilaren 27an hasi eta otsailaren 24ra bitartean, eta bertan parte hartuko du Jon Irazu aurrelari adunarrak.

Hiru bikoteren arteko txapelketa izango da. Irazuk Aitor Aiestaran hernaniarrarekin osatuko du bikotea, Urtxi Gurrutxaga aizarnazabaldarrak eta Goikoetxea VI.a zestoarrak osatuko dute bigarrena, eta Mattin Arluciaga hernaniarrak eta Aritz Eskudero andoaindarrak hirugarrena. Partida guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dira eta 40 tantora izango dira.

Lehenbizi hiru bikoteen arteko ligaxka jokatuko da. Lehen partida urtarrilaren 27an izango da, Irazu-Aiestaran eta Mattin-Eskudero artekoa. Otsailaren 3an jokatuko da bigarrena, Urtzi-Goikoetxea VI.a eta lehen jardunaldiko galtzaileen artekoa. Hirugarren partida otsailaren 10ean jokatuko da. Ligaxkako sailkapeneko lehen bikotea finalera igaroko da zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuen artean finalaurrekoa jokatuko dute. Otsailaren 17an izango da partida hori. Finala, berriz, otsailaren 24ean jokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!