Elkarrizketa

«Bizitzako esperientzia onenetakoa izan da»

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 3a, 11:59

Enpresarekin oraindik hitzarmena sinatu ez badu ere, profesionalekin lehen partida jokatu du Jon Irazu erremontista adunarrak, eta esan daiteke emandako aukera hori aprobetxatu duela.

Bere lehen partida jokatu du Jon Irazu aurrelariak (Aduna, 1999) erremonte profesionalean. Larunbatean izan zen, Villabonako udal pilotalekuan egindako erremonte jaialdian.

Nola joan zen debuta?

Bizitzan izan dudan esperientziarik onenetakoa izan da. Ez nuen behin ere pentsatu puntu honetara iritsiko nintzenik. Oso pozik geratu nintzen, eta sekulako esperientzia izan zen. Momentuan bertan sekulako emozioa bizitu nuen eta ezin sinistuta geratu nintzen.

Partida lehiatua izan zen eta azkenean irabaztea lortu zenuten.

Bai, oso ondo hasi ginen. Ni konfiantza askorekin hasi nintzen, eta aurreneko partida izanik, demostratu nahi izaten duzu. Uste dut pixka bat emozionatu egin nintzela pilota askoren bila aurrera joanez, eta fisikoki jaitsi egin nintzen. Alde pixka bat atera genuen hasieran, indartsu hasi ginelako, baina fisikoki pixka bat jaitsi ginen eta gero harrapatu egin gintuzten. Bukaerarako komeriekin ibili ginen, baina partida aurrera ateratzea lortu genuen, eta ez da gutxi.

Jendea ere izan zenuen harmailetan animoak ematen.

Hasierako agurra egitera ateratzeko geundela, bihotza ateratzeko zorian nuen. Astea nahiko lasai pasa nuen, eta momentu horretan nahiko urduri jarri nintzen. Gero, behin pilotan hasi nintzenean, dena pasa zitzaidan. Azkeneko tantoa egiterakoan, berriz ere emozio guztia etorri zen, eta lagun guztiak eta familiako guztiak builaka hasi ziren eta sekulakoa izan zen.

Adunarra izanik, etxe ondoan egin duzu debuta, erremonterako ohikoa ez den pilotaleku batean.

Debuta ez da ohikoa izan. Aukera eman zidaten Villabonan toki bat zegoelako jokatzeko. Egia esan, frontoi motzean ez nuen behin ere jokatu. Galarretakoa luzea da, eta frontoi motz batean ez nekien nola ariko nintzen. Aurreko egunean pixka bat pilotatzera joan nintzen, ikustera zer joera dituen frontoiak. Pentsatu nuen aterako zela atera behar zuen moduan, eta listo.

Debut batean disfrutatzea gauza zailenetakoa izango da.

Nik beldur hori nuen, ea posible izango nuen disfrutatzea. Beti irabaztea nahiago duzu, baina garrantzitsuena txukun jokatzea zen, gustura geratzea nire buruarekin, eta gainera irabazi ahal bazen, hobe. Dena lortu nuen, nire ustez behintzat, eta oso gustura geratu nintzen.

Zer esan zizuten beste erremontistek?

Alde batetik, ez zuela nire lehenengo partida ematen, lasai jokatu nuelako. Pixka bat harritu egin ziren pilotalekua hain betea ikusita eta entzuten ziren builengatik, eta horren aurrean hain lasai jokatzea. Bestalde, zoriondu ninduten, eta ederki jokatu nuela esan zidaten.

Nola iritsi zinen erremontean jokatzera?

Eskupilotan aritzen nintzen txikitatik. Herrian futbolean baino ohitura gehiago zegoen pilotan aritzeko. Gero, eskumuturrean ebakuntza izan nuen eta hortik hasi nintzen minekin eta arazoekin. Iritsi zen une bat ezin nuela pilotan gehiago jokatu. Denbora gehiago nengoen minarekin jokatzen baino, eta utzi egin nuen. Beti gustatu izan zait kirola egitea eta nire buruari galdetu nion ea zer egingo ote nuen. Gure aitona asko joaten da Galarretara, eta baita eskuzko partidetara, eta pentsatu nuen erremontea probatzea. Gustatu egin zitzaidan, eta gero eta serioago hasi nintzen eta honaino. Ia lau urte pasa dira hasi nintzenetik.

Eta debuta egiteko albistea nola eman zizuten?

Egun batean, larunbata zen, Galarretan partidak zeuden, eta kasualitatez norbait falta zen epaile moduan aritzeko, eta galdetu zidaten ea posible nuen esku bat botatzea. Egun horretan esan zidaten ea hitz egin ahal genuen, eta esan zidaten pilotari bat falta zela Villabonan jokatzeko eta ea animatuko ote nintzen.

Zer hitzarmen duzu?

Jokatu dudana debuta bezala izan da, baina oraingoz partida hori izan da. Orain afizionatuen txapelketa bat izango dut, eta hor ondo jokatuz gero, hitzarmena sinatzeko aukera izan dezaket. Ea enpresak zer esaten duen.

Erremontean hitzarmena izan arren, bizimodua hortik ateratzeko aukera ematen du?

Mailaren arabera asko aldatzen da. Kirol guztietan gertatzen den moduan, hobeak direnak gehiago kobratzen dute. Onenei bizitzeko ere ez die ematen. Diru aldetik gehigarri polit bat aterako dute hilabetero, baina erremontea ez da futbola bezalako kirol bat, diru asko mugitzen duena. Erremontea gehiago afizioz egiten duzu, diruarengatik baino. Partidak jokatzeagatik zerbait ordaintzen badizute, oraindik eta hobeto.

Epe motzerako helburua, beraz, afizionatu mailako txapelketa on bat egitea izango da.

Hori da, printzipioz afizionatu mailako txapelketa hori ahal dela irabazi, eta gero ea goikoek ikusten duten nahiko maila dudala gora igotzeko. Asteburuko partida eta gero, irabaztea lortu dudanez, uste dut erakutsi dudala behintzat gerra eman ahal dudala.

Esan daiteke, aukera eman eta aprobetxatu duzula.

Hori da. Igual beraientzat marroi txiki bat da, ez zutelako espero oraindik irabaztea, eta azkenean partida aurrera atera nuen. Ikusiko dugu, beraz, zer gertatzen den.

Eta epe luzera, zer helburu duzu?

Hasteko, gehiago hobetzea. Hasieran erritmo gehiago hartzea, ea zer moduz ikusten naizen. Ahal dela gorago joatea, eta sekulakoa izango litzateke lehen mailako txapelketa batean muturra sartzea, adibidez, telebistaz ematen duten Erremontari txapelketan. Baina hori oraindik urruti geratzen zait eta ez dut horretan pentsatu nahi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!