Euskal Herriko Txapelketa jokoan izango da Adunan

Imanol Garcia Landa 2022ko urriaren 5a

Eneko Gurrutxaga amasarrak irabazi zuen gizonezkoetan iazko Adunako Mendi Duatloia.

Inoiz baino lehenago antolatu dute Adunako IV. Mendi Duatloia. Larunbatean izango da, 16:00etatik aurrera eta ohiko ibilbidea izango du.

Larunbat arratsaldean mendi duatloilariek hitzordua dute Adunan, IV. Mendi Duatloia antolatu baitute. Gainera, aurten berezia izango da proba bera, Euskal Herriko Txapelketa izango baita jokoan. Berez, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba izan ohi da Adunakoa, baina aurten aurreratu egin da, ia hilabetez. «Beasaingo Igartzakoek eskatu ziguten aurten beraiek egitea mendi duatloi zirkuituko azken proba. Urteurrenen bat dute, eta azken probaren ondoren afaria egiten denez, bertan egitea eskatu dute», esan du antolakuntzako kidea den Xabi Tejeriak.

Proba 16:00etan hasiko da eta ohiko ibilbidea izango du: lehen zatian korrika 3,4 kilometro egingo dituzte, ondoren bizikletaz 14,5 kilometro eta bukatzeko korrika 1,7 kilometro. Banaka zein bikoteka edo erreleboka parte hartu daiteke. Bikoteka edo erreleboka egingo dutenetako batek korrikako zatiak egingo ditu eta besteak bizikletakoa. Korrikako ibilbidea herriaren inguruan da, eta mendi bizikletarekin urrutiago joaten dira, Belkoaingo gurutze inguruetara. «Bizikletako zatia ez da gogorregia baina hasierako partean pare bat aldapa gogor badaude», esan du Tejeriak.

Adunako IV. Mendi Duatloian parte hartzeko Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Banaka egingo dutenek 20 euro ordainduko dute eta binaka ariko direnak 30 euro. Egunean bertan ere izena eman daiteke, 15:00etatik aurrera, eta orduan banaka parte hartzen dutenek 25 euro eta binakakoek 40 euro ordainduko dute.

Antolatzaileek espero dute Euskal Herriko leku ezberdinetatik joango direla Adunako proban parte hartzera, Euskal Herriko Txapelketa bertan jokatzen denez. «Jende gehiago etortzen bada, eta aurrean lehiatzeko mailarekin, biziagoa izaten da proba. Gainera, parte hartzaileen senideak eta lagunak ere etortzen dira, eta beste saltsa bat sortzen du horrek», zehaztu du Tejeriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!