Iñigo Etxeberria da Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi berria

Ataria 2022ko irailaren 29a

Gaur egun enpresaren esportazioko zuzendari komertziala denak, urriaren 1ean, larunbata, hartuko du kargu berria; Imanol Rego izan da orain arteko zuzendari nagusia.

Azken urte honetan Irizar e-mobilityren proiektu europarrak zuzendu ditu Etxeberriak, eta enpresatik adierazi dutenez, besteak beste, trenbide sektorean eta siderurgia industrian bere ibilbide profesionalean «erantzukizun handiko» hainbat lanpostutan «esperientzia handia» izan ondoren hartuko du zuzendari nagusi kargua.

Etxeberriak esan duenez, «gogo eta ilusio handiz» helduko dio lan berriari, «elektro-mugikortasunaren etorkizuneko erronkei heltzeko helburu sendoarekin». Bere hitzetan, «bezeroaren hurbiltasun eta leialtasun estrategia finkatzea, eta haiei elektro-mugikortasun soluzio integralak eskaintzea da lehentasuna. Sortu zenetik, Irizar e-mobility aldaketaren eta trantsizioaren buru izan da, eta etengabeko hazkunde horretan jarraituko dugu».  

Enpresak arrakasta profesional handiena opa dio: «Ziur gaude Irizar e-mobilityren sendotasun eta hazkunde bidearekin jarraituko duela mundu hobe bat sortzeko bidean», esan dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!