Adunako jaiak 2022

Haurrentzat puzgarriak, gazteentzat oilaskoak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abu. 13a, 17:42

Oilasko jokoa egin dute eguerdian Adunako festen bigarren egunean, goizean oilaskoak biltzen aritu ondoren; batzuek galtzak bete lan izan dituzte oilaskoari lepoa mozteko. Aurrez, txikienek ederki gozatu dute era guztietako puzgarriekin.

Egun handia da gaurkoa Adunan. Atzo lehertu zen suziria Adunan, aurtengo Ama Birjin jaiei hasiera emateko. Goizaldean, oilasko biltzaileak plazan elkartu dira, trikitilariekin batera, baserriz baserri joan eta oilaskoak biltzeko; bakarren batek jarraipena eman dio atzoko parrandari eta etxera itzuli gabe joan da oilaskoak biltzera. Elkartean gosaldu ondoren, herriko baserri eta etxe atari ia guztiak igaro dituzte, eta zenbaitetan oilasko bana eman diete. Aurten ere mozorrotuta joan dira gazteak eta era guztietako txantxoak ikusi ahal izan dira.

Eguerdiko 13:00ak inguruan, kalejiran sartu dira biltzaileak plazara. Ondoren, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte, eta jarraian hasi da oilasko jokoa. Gehienak nahiko ondo moldatu dira. Bakarren batek ezpatakada batzuk eman behar izan dizkio oilaskoari lepoa mozteko, eta lepoa hortzekin moztu nahi izan duenik ere izan da tartean.

Goizean bildutako oilaskoen artean dotoreenari saria ematen diote, eta aurten, Manuel Iraola izan da irabazlea. Oilasko horiek, gainera, 20:30ean hasiko den afarian jango dituzte. Karibe gaua antolatu dute aurten, eta behin sabela berdinduta, La Jodedera taldearen kontzertua izango da. Ondoren, dantzarako aukera izango dute herritarrek, Gozategi taldearen kontzertuan.

Gaztetxoak oilaskoekin jolasean aritu aurretik, haurrek ederki gozatu dute puzgarrietan. Arratsaldean ere izan dute horretarako aukera. Biharko ere indarrak gorde beharko dituzte, kuadrillen eguna ospatuko dute eta.

Ondorengo orduetarako egitaraua:

 

  • 18:30-20:00. Diskodantza Elordi plazan.
  • 20:30. Karibe Gaua afari merienda ur parkean.
  • 20:30. Oilasko biltzaileen afaria ur parkean.
  • 21:30. Musikaldia La Jodedera taldearekin ur parkean.
  • 23:30. Dantzaldia Gozategi taldearekin.

 

Erlazionatuak

Adunako festetan, oilasko jokoa eta puzgarriak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 abu 13 Aduna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!