Adunako jaiak 2022

Kukurrukua jaitsi da kanpandorretik

Jon Miranda Labaien 2022ko abuztuaren 12a

Kukurrukuri ongi etorria eman diote Adunan. Herritar ugari bildu da udaletxe atarian festei hasiera emateko.

Aurreko asteburuan, Caldereria Aburuza pilota txapelketarekin eta txekor bazkari eta afariekin jai giroan sartu ziren adunarrak, baina gaur eman diote Amabirjin jaiei hasiera ofiziala. Iluntzean, kukurrukua jaitsi dute elizako kanpandorretik udaletxera. Ziarka kuadrillakoak izan dira udaletxeko balkoitik kukurrukuari harrera egin diotenak, eta hauek izango dira, Kuadrilla Eguneko bazkaria prestatzeko ardura izango dutenak. Lau eguneko jai egitaraua hasi dute.

Txupinazoaren ondoren, pintxo afaria egin dute eta herriko bi sagardotegiek, Aburuza eta Zabalak, sagardo barrikotea jarri dute. Buruhandiak ere ibili dira herriko haurren atzetik. Pilota jaialdia eta dantzaldia izango dira festen lehen egun honetan:

  • 22:00. Pilota jaialdia: Miren Larrarte-Nora Mendizabal vs Miriam Arrillaga-Itxaso Erasun; Oinatz Bengoetxea-Markel Lizeaga vs Andoni Olasagasti-Jon Erasun.
  • Ondoren. Dantzaldia Gabezin taldearekin.

Amabirjin egunera arte luzatuko dira festak Adunan.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!