Jakitea sariak banatu dituzte Adunan

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 10a, 13:27

Pandemiaren eraginez izandako bi urteko geldialdiaren ostean, Jakitea elkarteak bere urteroko ekitaldia berreskuratzea lortu zuen atzo Zabala sagardotegian. Aurtengo elkarteko jatetxearen saria Beasaingo Kattalin erretegiko Arantxa Agirrezabalak jaso zuen.

Giro ederra sortu zen atzo Adunan. Festak ez ezik, Jakitea Gipuzkoako sukaldarien elkartearen urteroko sariak ere banatu baitziren Zabala sagardotegian. Sukaldaritza adituek zapore eta aromaz beteriko zerrenda aberats baten artean aukeratu behar izan zituzten, beste behin, aurtengo irabazleak. Eta halaxe egin zuten atzo ospatu zen ekitaldian. Jakin elkarteko aurtengo jatetxearen saria Beasaingo Kattalin erretegiko Arantxa Agirrezabalarentzat izan zen.

Koktel tradizional onenaren saria berriz, Donostipotri Koktela tabernako Ivan Álvarez Campesinok eraman zuen, eta Donostiako Urkabe tabernako hegaztien kroketek pintxo tradizionalaren saria jaso zuten. Plater tradizional onenaren saria berriz, Lasarte-Oriara iritsi zen; Txitxardin jatetxeko Sergio Humadak prestatzen duen tripakien platera izan zen garaile, hain zuzen.

Gastronomia alorreko aintzatespenez gain, ostalaritza munduan saritu beharreko beste hainbat praktika ere nabarmendu ohi izan ditu Jakitea elkarteak. Horietako bat da Orioko Sararua erretegiak eraman zuen jatetxean euskararen erabilera, presentzia eta indartzearen saria.

Atzokoan ere ibilbide saria bikoitza izan zen, eta Donostiako Irizar familiak eta Ataungo Bittor jatetxeko Maria Pilar Izagirreren artean banatu zen. Azkenik, kalitate gorena eta produktu onena darabilen jatetxearen sari nagusia Zestoako Araneta jatetxearentzat izan zen.

Bi sari berri

Aurtengo zerrendan, ordea, bi sari berri gehitu dira. Alde batetik, Mikel Corcuera izena duen eta gastronomia alorrean kazetaritza-lana nabarmentzen duen saria irabazi zuen Catherine Marchandek. Bestetik, bigarren aintzatespen berria, Juan Manuel Garmendia izenarekin bataiatua, kalitatezko jatetxerik onenaren saria izan da; aurten, Mendaroko Landa jatetxeko Asier Landak eraman zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!