Adunako jaiak 2022

«Etxez etxe oilaskoa jaso eta denetan dotoreenari saria ematen zaio»

Irati Saizar Artola 2022ko abu. 5a, 11:00

Jon Iraola, Adunako festa batzordeko kidea. I.S.A.

Herriko jaiak antolatzen aritzean festarako gogo gehiago piztu zaio Jon Iraola (Aduna, 1997) festa batzordeko kideari. Antolatzeaz gain, parte ere hartzen du, besteak beste, oilasko biltzen eta oilasko jokoan.

Urteetako tradizioa da oilasko biltzearena Adunako festetan; aurten ere gogoz dira biltzaileak, goizean goizetik, etxez etxe pasatzeko.

Hutsik egiten ez duen hitzordua da Adunan oilasko biltzearena.

Aspaldiko tradizioa da, betidanik egin izan dena. Urte batzuk pasa ziren egin gabe, baina berreskuratu zen berriro. Oilasko biltzearen ondoren oilasko jokoa dator, eta gaur egun animalia bizidunekin egin beharrean, plastikozko oilaskoekin egiten dugu.

Eta zein izaten da egun horretako plana?

Goizean goiz, 06:00ak aldera abiatzen gara trikitilariekin, eta eguerdi ingurura arte ibiltzen gara, etxez etxe, oilaskoak biltzen. Oilaskoa ematen duten etxeetan oilaskoa jaso, eta guztiak bildutakoan, oilasko dotoreenari saria ematen diogu. Eta ondoren, biltzaileok eta trikitilariek afaria egiten dugu oilasko horiek janez.

Zein ibilbide egiten duzue?

Plazan elkartzen gara eta elkartean gosaldu egiten dugu lehenik. Aburuza aldera abiatu eta goiko baserriak pasatzen ditugu, handik beheko etxeetara joaten gara eta auzo guztiak pasatzen ditugu. Amaieran herriguneko atarietan barrena pasatzen gara. Etxe askotan gosaria ematen digute. Pintxoak eta edaria ematen digute.

Nola jantzi ohi zarete?

Mozorrotuta joaten gara, bakoitzak nahi duen bezala, bakoitzaren esku.

Biltzaileak plazara iristean, oilasko jokoaren txanda izaten da.

Trikitilariek soinua jotzen dute, eta plazan bertan egiten dugu jokoa. Oilaskoa kaxa batean sartzen da eta ezpataz lepoa mozten zaio.

Entsegurik behar al da horretarako?

Ez, egunean bertan ateratzen den moduan egiten dugu. Kalejiran sartzen gara plazara, eta jokoaren ondoren dantza egiten dugu.

Nork hartu dezake parte?

Edonor anima daiteke, 15 urtetik gorakoa bada. Deialdi irekia izaten da. Aurreko urte batzuetan festetako lehen egunarekin tokatu izan da oilasko jokoa, eta aurten, bezperan ere festa izango dugunez, ahal duenak gaupasa eginda hartu beharko du parte.

Geroz eta gertuago duzue festa giroa, txekor jatearekin.

Urteroko hitzordua da hori ere. Aurretik sagardo dastaketa egiten dugu eta ondoren bazkaria izaten da. Etorri bazkaldu eta ondorenean ordaindu behar izaten da. Eta gauean txekor afaria izaten da, kasu honetan tabernan. Bazkaltzeko orduan hartzen da tiketa afarirako.

Ama Birjinaren bueltan, lau egun jarraian gero.

Egun horiei barrikotearekin ekingo diegu; pintxoak izango dira dastatzeko, sagardoaren laguntzaz. Eta pilota partida eta erromeriaren ostean etorriko da egun handia, oilasko biltzearena.

Erlazionatuak

Egitaraua: Adunako festak

Ataria 2022 abu 05 Aduna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!