Gehigarria: osasuna eta jarduera fisikoa

Norberaren sormena garatuz

Ataria 2022ko abu. 1a, 09:59

Argazkia: 2hotza3dietan

Zirkuak onura ugari ditu eta horiek eskaintzea da Zirkuolaren asmoa. Hainbat ikastaroren bitartez, haur zein helduei zuzendutakoak, jarduera fisikoa egiteaz gain gorputzetik norbere sormena garatzeko aukera ematen dute. Horrez gain, Zirkuola ere bada espazio bat profesionalek zein beste erabiltzaileek entrenamenduen bidez bere gaitasunetan sakontzeko.

Zirkuolaren jarduera nagusia gaur egun zirku eskola bezala aritzea da, baina baditu bestelako zerbitzuak, esaterako, zirkuaren diziplinetan entrenatu eta hobetu nahi dutenentzat espazioa izatea. Eskolako jarduerari dagokionez, haurrei zuzendutako ikastaroetan, zirku diziplina ezberdinetan hastapena eskaintzen dute 5 urtetik hasi eta 16 urtera arte. Adin horretatik gorakoentzat eskaintza espezializatuagoa dute: lurreko eta aireko akrobaziak, oihalak. Familiei begira hilero saioak egiten dituzte Zirkua Familian izeneko saioen bidez.


Koldo Arakistain Irazusta da Zirkuolaren sortzaileetako bat, eta Zirkua Familian saioak duen arrakasta nabarmendu du: «Askotan galdetzen digute bost urtetik beherakoentzat ea zerbait dugun, eta txikienekin gurasoek parte hartzen duten saioak prestatu genituen. Jende ugari joaten da bertara, Gipuzkoako hainbat txokotatik gainera. Familian, euskaraz, eta zirkura gerturatzeko hastapeneko jarduerak eskaintzen ditugu. Ekintza ludiko bat da, familian egiteko». Askotan zirkua haurrentzako ekintza bat dela pentsatzen da, eta izena ematerakoan dei gehienak haurrei begira jasotzen dituzte. «Helduei lehen <pauso hori ematea kosta egiten zaie, baina hainbat izan dira haurren bitartez etorri eta gero ikastaroetan izena eman dutenak. Zirkua adin guztientzako da».

200 ikasle inguru izan dituzte aurtengo ikasturtean, eta erdiak baino pixka bat gehiago izan dira haurrak. Arakistainez gain Irati Gonzalez Jaimerena da Zirkuolaren sortzailea, eta beste bi irakasle daude: Arkaitz Jimenez Castaño eta Olatz Carreira Egurtza. Arakistainek eta Gonzalezek Zirkuola proiektuaz gain zirku konpainia bat ere osatzen dute, Berdinki zirku garaikidea. «Zirkuaren profesionalak gara, eta beti egin daiteke zerbait zailagoa, zirkuaren ikasketa inoiz ez da bukatzen. Eta bide horretan, lantzen ditugun ariketak, koordinaziorekin zerikusia dutenak adibidez, oso aberasgarriak dira denontzat. Kirola egiteko lehiarik gabeko modu batetik hasi eta bakoitzaren sormena garatzeko lantresna egokia da. Iruditzen zaigu alternatiba polita dela», esan du Gonzalezek.

Eskolaz aparte, Zirkuolak erabiltzaile zerbitzua eskaintzen du: zirkuko artistei, edo diziplina hauek atsegin dituztenei, edo aurreratu nahi duten eskolako ikasleei. Bazkide egiteko aukera ematen dute, Zirkuolak duen ordutegian entrenatzeko aukera emanez. «Ez gara hainbeste zirkuaren munduan profesionalak garenak. Bestalde, aurrerapen nabarmen bat egiteko astean ordubete baino gehiago aritu behar zara, eta horretan ari diren ikasle batzuk ere badaude», azaldu dute.

Ikastaroak

Haurrekin denetik lantzen da. Astean behin teknika bat lantzen dute, eta horretarako hiru txoko dauzkate. Batetik, lurreko akrobaziak, eta hor sartuko lirateke bertikalak, itzulipurdiak... gorputzarekin egin daitezkeen hainbat koordinazio ariketa, truko akrobatikoak egiten ikasteko. Beste txoko batean aireko akrobaziak lantzen dituzte, hau da, trapezioa eta oihalak.

Hirugarren txokoa orekarekin lotutakoa da, objektuen gainean oreka lantzea. Bestalde, eskua eta begiaren arteko koordinazioa lantzeko malabarrak egiten dituzte. Zirkuaren barruan dauden teknika guztiak pixka bat ukitzeko, ikastaro integrala ematen dute.

Hamasei urtetatik aurrera diziplinak aparte lantzen dituzte: tranpolina edo ohe elastikoa, lurreko akrobaziak, eta gero aireko akrobazien barruan trapezioa eta oihalak dituzte, eta beste bat oihalak bakarrik lantzeko. Azken horretan izen emate handia izan dutenez, mailaka banatzen dituzte, hiru talde osatuz: hastapena, erdi maila eta aurreratua.

Zirkuola martxan jartzerakoan zirkuarekin lotutako diziplinak eskaintzeko beharra zegoela ikusi zuten. «Kirola deitzen diogun horretatik aparte dago, sormenarekin lotuta dagoelako, eta ez dago lehiarik. Bakoitza bere buruarekin lehiatzen da, eta guretzat hori garrantzitsua da. Haurrek psikomotrizitatea lantzen uzten dutenetik eskola kirolera pasatzen dira, eta hor beti daude puntuazioak, markagailuak, beti dago lehia bat. Batzuei asko motibatzen die lehia horrek, baina beste batzuei ez. Guk lantzen dugun diziplinan ez dago bestearekiko lehiarik, ez dugu horrelakorik bultzatzen», zehaztu dute Zirkuolako kideek.

Zirkuak hainbat onura ditu: garapen psikomotorra garatzen eta arriskuei aurre egiten laguntzen du; norbere eta mugimenduen kontrola izaten; eta oreka, malgutasuna, indarra, bizkortasuna, konfiantza, talde lana, errespetua, autodiziplina eta koordinazioa lantzen ditu. «Horiek egunero lantzen ditugu, edozein teknika izanda ere. Kirolarekin ere lantzen diren arren, zirkuak aniztasun hori du, eta agian aireko akrobazietan topatu dezake norbaitek bere gogoko ariketa, edota lurreko akrobazietan edota malabarrak egiten», gaineratu dute.

Ikastaroak euskaraz dira, eta beraientzat oso garrantzitsua da hori. Euskal Herrian beste hainbat espaziotan ere zirkua ikasi daiteke, baina beraientzat garrantzia du euskaraz transmititzeak: «Bizipenekin oso lotutako ikasketa bat da eta bizipen horiek euskararekin lotzea, harremanak euskaratik lotzea, guretzat garrantzitsua da».

Norberaren gorputza eta bere mugak ezagutzeko aukera dute ikasleek Zirkuolan. Inor ez dute behartzen zerbait egitera. «Adibidez itzulipurdi bat egiteari norbaitek sekulako beldurra badio, saiatzen gara bitartekoak jartzen, mugimendu hori zatikatzen, konfiantzaz egin dezan laguntzen, gero bere kabuz egin ahal dezan». Konfiantza zein porrotaren kudeaketa ere lantzen dutela nabarmendu dute: «Amore emateko puntu horretan behin baino gehiagotan aurkitzen gara zerbait berriaren aurrean, eta ikastaroetan horri aurre egiten ikasita gero hori bizitzako edozein esparrutara eraman dezakezu».

Helduen saioetan ere jolasa ez galtzen saiatzen dira. Haurrak garen heinean jolasari oso lotuta gaude eta denborarekin hori galtzen joaten gara. Izan ere, ondo pasatzea da Zirkuolaren helburuetako bat eta horri garrantzia handia ematen diote.

 
ZIRKUOLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!