ELKARRIZKETA

«Harri bat eramaten duzunean Euskal Herria eramaten duzu»

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 28a, 07:57
Iñaki Gorostidi, Adunako baserrian duen tailerrean. I.S.A.

Harria landu eta pieza ezberdinak egitea du ofizio Iñaki Gorostidik; harri jasotzen erabiltzen diren harriak miniaturan egiten hasi zen lehenik, eta pertsonalizatutako oroigarriei ekin dei orain gutxi.

Adunako Apakintza baserrian orduak eta orduak pasatzen ditu Iñaki Gorostidik (Aduna, 1954) harria lantzen. Betidanik izan du lotura estua harriarekin; gaztetan harri jasotzailea izan zen eta piezak egiten ditu harriarekin orain.

Ezohiko ofizio bat daukazu. Zer da egiten duzuna?

Harri jasotzen aritu nintzen gaztetan, eta izango dira dagoeneko 30 bat urte utzi nuela. Harri handiekin aritzen nintzenez, eta tartean konpondu ere egiten nituenez, harri berberak neurri txikian egiten hasi nintzen. Bat edo beste egin nuen, polita geratzen zela iruditu zitzaidan eta jendeari ere gustatu egin zitzaion. Mordoxka bat egin nituen eta jendea erosten hasi zen. Hor mundu bat zabaldu zitzaidan.

Munduko kontinente bakoitzean badago nire harriren bat. Erosten didatenetan galdetu egiten dut nora eramango duten, eta esan didatenagatik, kontinente guztietan bada bakarren bat.

Harria landu eta irudi ezberdinak sortzen dituzu. 

Mota askotakoak lantzen ditut. Harriez gain, erlojuak, Euskal Herriko maparen irudiak, askotariko oroigarriak... pintatu ere egiten ditugu.

Guztia eskuz?

Bai, bai, ez dago pieza bat bestearen berdin-berdina denik. Gustatzen zaizkidan formak egiten ahalegintzen naiz. Hasi, harri txikiekin hasi nintzen, horiek patentatu nituen. Ondoren leku gehiagotan ikusi izan ditut kopiatuta. Baina nik ere beste lekuetan ikusitako gauzak egin izan ditut. Oroigarri askotan esaldiak jartzen ditugu, bertsoak ere bai... guztiok dugu elkarren beharra.

Eta zein harri mota erabiltzen duzu?

Gehienbat kareharriarekin aritzen naiz, eta gutxixeago baina granitoarekin ere bai. Erosi egiten dut edo bestela birziklatu egiten dut. Zati txikiak behar ditudanean kontainerretatik hartzen ditut. Harria mozteko makina bat daukat, baina gero eskuz egin behar izaten zaizkio lan asko. Handiena makinaz mozten da, baina gero eskuz egiten dira detaile txikiagoak.

Esaterako, harri miniatura bat egiten zenbat denbora kostatzen da?

Ez nuke jakingo esaten. 25 bat harri hartzen ditut eta lan konkretu bat egiten diet, eta guztiekin lan bera amaitzen dudanean hurrengo pausoa egiten diet denei. Ez dut harri txiki bat hartu eta hasi eta bukatu jarraian egiten. Ordu asko sartzen ditut, horixe da dakidana. Gustuko lana dut eta orduak konturatzerako pasatzen zaizkit.

Amaieran pintatzen dituzue? 

Bai, piezak hala eskatzen badu, hori ere bertan egiten dugu. Hasi eta bukatu, pieza amaituta ateratzen da lantegitik.

Pertsonalizatutako eskariak ere egiten dituzue. 

Duela pare bat urte edo hasiko ginen halako lanak egiten. Argazki bat daraman oroigarri bat izan daiteke edo esaldi bat edo bertso bat duena. Omenaldiren baterako, ezkontzetarako, urteurrenetarako, lan asko egiten ari gara.

«Nik egiten dudanak ez dauka ez erlijiorik, ez politikarik, gure kulturatik datozen piezak dira»

Bakarrik egiten duzu lan. Gustura aritzen zara?

Irratia edo telebista jartzen dut batzuetan edo lagunen bat edo beste etortzen zait bisitan. Baina gustura aritzen naiz. Gainera, gauza berri bat egiten duzunean, eta merkatura eraman eta ondo saltzen dela ikusteak asebete egiten nau, pozgarria da hori.

Saldu ahala egiten dituzu piezak?

Pandemiarekin, bi urte hauetan lan asko egin dut, tailerreko bazterrak piezaz beteta dauzkat. Orain pixkana ateratzen noa.

Azoketara joaten zara saltzera? 

Bai, hala ibiltzen gara. Kontua da, azokara joan eta guztia muntatzen ia bi ordu pasatzen ditugula eta behin azoka amaituta, berriro ere kaxatan sartu behar duzula dena eta lan izugarria da hori. Horrek nagitasuna ematen du, baina atera beharra dago saldu nahi bada.

Jendaurrean jarri behar, egindako lana ikusgai izateko.

Hogeita hamar urte hauetan Euskal Herriko leku askotan izan gara eta Espainiako zenbait lekutara ere joan izan gara postua jartzera, baina desberdina da kanpoan Euskal Herriko zerbait erostea edo hemen bertan bertakoa den zerbait erostea. Kanpotik datozenek, hemengo zerbait eramaten dutenean Euskal Herria eramaten dute. Nik egiten dudanak ez dauka ez erlijiorik, ezta politikarik ere, gure kulturatik datozen piezak dira eta sustrai esanguratsu batzuk dituzte.

Euskal tradizioa islatzen da zure lanetan. 

Harri bat eramaten duzunean, Euskal Herria eramaten duzu. Eta harria ez bada ere, ikurrina, eguzki-loreak... horrelakoak ageri dira. Gure herriak guk saldu behar dugu, nork bestela?

Esan duzu leku askotara iritsi direla piezak. 

Jose Mujica Uruguaiko presidenteak ere badu gure harri bat. Ez dakit non erosi izango zuen, dendaren batean edo erosita iritsi izango zitzaion hara. Ezagun batek esan zidan egunkarian ikusi zuela argazki bat, non Mujica agertzen zen bere bulegoan eta mahai gainean nire harri bat zuela. Argazkia jasota daukat, beste askoren artean. Gela bat daukat prestatua benetako harriekin eta nire ibilbidea jasotzen duten argazki mordoarekin, erakustoki modura. Hortxe daukat kokatuta argazki hori.

Arreta pizten du egiten duzunak?

Bai, zalantzarik gabe. Hemendik kanpo, Espainian, jendeak badaki harri jasotzea zer den eta beraz ezagutzen dute harria. Eta gainera azalpenak ematen badizkiegu, ba hobeto ulertzen dute egiten duguna.

Azalpenak ematea ere bada lanaren parte, beraz. 

Badut anekdota bat horren inguruan. Azoketara goazenean, pieza bat jarri ohi dugu bista-bistan «sabemos castellano» jartzen duena. Aspaldiko urteetan jartzen dugu. Jendeak sekulako argazki pila egin dizkio piezari. Pieza horrek gaztelerari ez dio kalterik egiten; horrekin esan nahi duguna da herri bat dagoela hemen, eta nazio bat eta hizkuntza bat dauzkagula, eta bide batez, kanpokoa ere badakigula. Gu gazteak ginenean «euskaraz badakigu» kartelak ikustean sekulako poza hartzen genuen, horri buelta eman eta bukatzen ikusi nahi dugu. Normala dena da lehendabizi euskara jakitea eta gero beste hizkuntzak baldin badakizkigu askoz ere aberatsagoa izango da.

Harriaren bueltan beti. Jasotzen ez bada, egiten. 

Bada hor esaera bat: «Menos da una piedra». Niretzat esaldi hori ez dago ondo, niri asko eman dit eta ematen dit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!